ARANTZAK ez daki nola disimulatu bere ezinegona. Urtero gertatzen zaio ekaina heltzen denean. Lagunekin zerbait hartzen dagoenean, baten batek beti esaten du gogo handiz jada ez dela ezer geratzen udako oporretarako, eta beste guztiek irribarre egiten dute orduan, eta topa egiten dute, pozik, oporren atarian gaudelako, azkenean heldu delako uda, atseden hartzeko garaia, ondo pasatzekoa. Arantzak, orduan, ez daki nola disimulatu bere ezinegona, izan ere, uda garaia heltzear dagoen bakoitzean gaizki sentitzen da. Arantzarentzat udak ez dakar berarekin inolako arintze sentsaziorik. Arantza senargabeko ama da. Bi ume ditu. Ekainaren bukaera eta uztaila guztia udalekuetara bidali behar izaten ditu umeak, bera lanean dagoelako eta ez duelako haiek norekin uzterik. Udalekuetako ordutegiagatik izaten du beti istiluren bat laneko nagusiarekin. Bederatziak arte ez dira sartzen eta ordu erdi beranduago sartu behar izaten baita lanera egunero. Honek gaiztotu egiten du giroa bulegoan. Urtean zehar errekuperatuko ditu ordu horiek, hala agintzen dio nagusiari.
Abuztuan hartuko ditu oporrak, ez dauka beste erremediorik. Hilabete horretan umeekin egon behar du, hauek berriz ikasturtea hasi arte, eta gainera bakarrik bizi den bere aita hilabete horretan herrira eramaten du, eta han pasatzen dute uda, denak etxe berean. Eta halakoak dira, beraz, Arantzaren oporrak. Umeak zaindu, aita zaindu, eta, ahal duenean, herriko igerilekuan bainatu, sartu eta irten, presaka ibiltzen delako, teorian presarik ez dagoen hilabete horretan. Baina aita ordu batetan bazkaltzera ohituta dago, eta bazkaria prestatu behar izaten dio; erosketak egin behar ditu; etxea jaso?
Abuztuan desio bat izaten du beti. Desio ezkutu bat. Iraila noiz helduko den desiratzen egoten da. Eta herriko lagunek oporrengatik topa egiten dutenean, berak ez daki nola disimilatu bere ezinegona, eta askotan topa egiten hasi baino lehen, etxerantz abiatzen da. Garbigailua martxan utzi duela esaten die, adibidez, eta jada bukatuta egongo dela. Eta han doa, udaz nazkatuta, arropak eskegitzera.