Konstituzio Auzitegiaren aginduei ez zietela jaramon egin eta herritarrek iritzia eman zezaten ahalbidetu zutela argudiatuta, atzo hasi zen Kataluniako Gobernuko goi agintarien kontrako epaiketa. Nekez egin liteke atzokoaren irakurraldia azken urteotan Espainian gogortuz joan den ikuspegia aipatu gabe. Izan ere, Espainiako agintariek Kataluniak akordioetara iristeko eginiko eskaintza guzti-guztiak gutxietsi eta bazter batean utzi dituzte.
Hasi, Estatutu berriari eman zioten tratua, herritarrek azalduriko borondatea mespretxuz eta nagusikeriazko jarrerekin hartu baitzuten. Segi, Itun Fiskal baterako eskariari emaniko trataera. Amaitu, herritarren iritzia jakiteko adosturiko herri-galdeketa egiteko eginiko gonbitari emaniko erantzuna... ateak zarratu ditu Espainiak eta helduleku berririk ez du eskaini, konponbide baterako aukera izan duen bakoitzean.
Burujabetza Espainiako herritar guztien esku dagoela azpimarratu dute, dezaketen bakoitzean... legea nahierara eta interes politiko jakinen zerbitzura dauden epaitegiak baliatu dituzte, demokratikoki babesturiko aldarrikapenei ateak ixtean, denborak prozesua usteldu eta ezintasunek ezerezean lagako zuen itxaropena baitzuten. Esanak esan sostengu zabala duten aldarrikapenei ezin zaie legearen itxitasunarekin eta epaitegien mozalarekin erantzun! Aitzitik, legeak eskaintzen dituen bideak erabili behar dira irtenbideak bilatzeko... baldin gehiengo baten borondatea hankapean hartu eta egoera okerrera joango ez bada.
Espainiako araubideak aukerak eskaintzen ditu Eskoziak egin duen antzeko galdeketa antolatu eta Kataluniako herritarren iritzia zein den jakiteko. Kontua da, Espainiako alderdi nagusiek, Katalunian nola Euskadin gero eta isla txikiagoa duten berberek, herritarren iritzia azaleratzearen beldur direla, beren interesen kontrakoa balitz, irtenbidea bilatzera behartuko lituzkeelako... eta halakorik gertatu ezean, Espainiatik bereiztearen aldekoek legitimitate eta indar handiagoa hartuko duten beldur direlako.
Jada ez dago atzera-bueltarik. Espainiak estatutuaren aukera alferrik galtzen laga zuen. Itun Fiskalaren kontua ate-kolpe batez itxiarazi zuen... herri-galdeketa jazarri du. Ez dago, estatuaren edo Itun Fiskalaren fasera bueltatzerik, iragandako kontuak baitira. Horiek horrela, adosturiko herri-galdeketa bati ateak irekitzea eta nazio historikoekiko bestelako jarrera bat garatzea beste biderik ez da gelditzen. Erabakitzeko eskubidean, errespetuan, berezko izaeraren aitormenean eta alde-bikotasunean ardaztuko dena... bestela ez baita beste biderik geldituko bakarka bideari ekitea baino.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">