Nahi ez bada huts egin, zioten gure aurrekoek. Irudipen hori etorri zait Gipuzkoako elizbarrutian izaniko sexu gehiegikeriek izan duten isla ikusita. Era berean, harrigarria iruditu zait hedabide batzuen jarrera, azken xehetasunak bihurtu baitituzte hizpide, horren beharrik ez zegoenean... eta kezkatzen nau gizarte gaietan atentzioa, egunkariak saltzeko asmoz azken aldian gero eta zabalduago dagoen kazetaritza-eredua, morboa erdigunean kokatzen eta pertsonen duintasuna hankapean hartzera iristen dena. Ez dakit horrela nora ailegatuko garen!

Neurriz kanpokoa, bidegabea iruditu zait elizgizon batek eginikoari eman zaion zabalkundea, bai eta honakoa Elizari buruz urliak eta sendiak dituzten aurreiritziak barreiatzeko eta egurra emateko erabiltzea ere. Izan ere, Elizan denetarik dago, erakunde guztietan bezala. Nolanahi ere, gehiengo zabala dira kulturgintzan, hezkuntzan, aisialdian, behartsuak eta gaixoak zaintzen, migratzaileak jagoten... gizarteak aurrera egin dezan lan eskergaitza egin eta egiten ari direnak. Ez ditzagun, beraz, kontuak nahasi... eta hainbat gai tarteko direla Elizaren itxitasuna kritikatu dugunok, balioetsi dezagun, gai honi doakionez, Gipuzkoako elizbarrutiak egin duen urratsa. Ziur naiz ez dela erraza ez eta erosoa izan!

Gehiegikeriak jasan dituztenen nahia eta borondatea behar dugu hertsiki errespetatu gainesposizio mediatiko honek kalte are handiagoa egin ez diezaien, egin zaien mina eramangarriago gerta dakien; gaia argi-tzeko irekirik dauden bideak kontuan har ditzagun, lintxamenduei ateak itxiz, neurriz kanpoko hitz-jarioak ekidinez; saia gaitezen egia, justizia eta erreparazioa bilatzen, inora ez garamatzaten morboan sakondu beharrean; gogoan izan dezagun gaizki egin duenak ere baduela erantzukizunak garbitu ondoren, bergizarteratzeko eta bere bizitza berrosatzeko eskubidea; azken finean, hauek zein antzeko gertaerak bilaka ditzagun ikasbide etorkizunean berriro errepika ez daitezen... horixe baita gizarteak, eliztarrak horren barne, gogo biziz eskatzen ari direna.

Eta aurrekoaz gain, beharbada, gertaera hauek zein antzekoak -historian zehar etengabe gertatu izan direnak-, Eliza Katolikoak sexuari buruz ehunka urteetan izan duen jarrera itxia berrikusteko baliatu beharko luke. Elkarteen eta Erakundeen oinarria pertsonak dira... eta pertsonen sexualitatea ukatuz, ezerezera kondenatuz, erreprimituz ez dakit hauen bilakaera egokian laguntzen duen. Aldi batean erabakiriko dogma eta antzekoak ezerezean lagaz, igual iritsi da familiarekiko ikuspegia berritzeko, bai eta sexuari doakionez ikuspegia gaurkotzeko ere.