URTEAK igaro dira ETAk su etena eman eta jarduera armatua bazter batean utzi zuenetik. Hasiera batean, urtetako jardunak eragindakoak bideratzeko, bai eta armagabetze prozesua ahalbidetzeko ere Frantziako eta Espainiako Gobernuen esku hartzea bilatu zuten... denborak erakutsi du, ordea, Estatu bi horietako Gobernuek ez diotela ETAri argazki hori opari egitea nahi. Era berean, solaskidetzat ere ez dute hartzen, eta, sasoi bateko politikak baliatuz, amaitu nahi dute ETAren hondarrekin. Inguruabar horretan, prozesua burutzeko gizarte zibilaren parte hartzea bilatu da.

Herritar, elkarte eta erakunde batzuen borondatea ez dut auzitan jarri nahi... baina bizi garen Europan eta testuinguruan, halako trantze batean, herritarrak jartzea helduleku ahulegia da baldin erabateko armagabetzea bilatzen bada. Indartsuagoak direnak, itzal handiagoa izan dezaketenak bidelagun izatea lortu beharko da, goizago edo beranduago. Bestela denbora eta izan ditzakegun aukera urriak alperrik galtzen ari gara!

Testuinguru horretan, presoen eta erbesteratuen egoera bideratzen laguntzeko, armagabetze prozesuari gutxieneko bermeekin heltzeko, Eusko Jaurlaritzaren parte hartzea eta konplizitatea zergatik baztertzen den ez da erraz esplikatzen. Beharbada, horren atzealdean batzuek, tartean ETAk eta bere ingurune politikoak, Erakunde horrekiko duen herra dago; akaso, ez diote protagonismoa eman gura Eusko Jaurlaritzari, horren bila ez dabilen arren. Kontua da ezin espero dezaketela hori baino goragokoa den Gobernu baten esku sartzerik, ez eta babesik ere.

Halabeharrez armagabetzeak bi alderdi hartu behar ditu. Batetik, arma horiek atentaturen batean erabiliak izan diren ikertzea. Izan ere, indarkeriak iraun duen aldian hamaikatxo gertaera daude argitu gabe segitzen dutenak... egia, justizia eta erreparazio eskean ari direnak. Halakoak dauden bitartean ezin egin liteke ez ikusiarena. Bestetik, armategien suntsiketa segurtasun guztiarekin burutu behar da eta ezin laga daiteke borondaterik onenarekin ari diren baina prestakuntzarik ez duten herritarren gain.

Eusko Jaurlaritzak erakutsi du interesa eta konpromisoa ETAren amaieran laguntzeko eta indarkeriak eragin dituen kalteak nolabait konpontzeko. Espainian orain arte egon ez diren aukerak irekitzen ari diren honetan mereziko luke lankidetza gorpuztea, errezeloak baztertuz, borondateak josiz eta ahaleginak batuz... ea konbentzimendu horretara, aukera hori baliatzera ez garen beranduegi iristen, ekar ditzakeen onurak galduz... behin eta berriz gure historia garaikidean gertatu zaigun eran. Azken hau gertatuko balitz euskal gizartea izango litzatekeelako galtzen ateratzen lehena.