GURE herria zenbaitetan halakoxea da. 2012. urtean PISAk azaldutako emaitzak lau haizeetara barreiatu eta, harro antzean, paparra ateratzen genuen, hiru urte beranduago, ordea, alderantzizkoa da joera... dena da kritika eta kezka. Nolanahi ere, bi jarrerak erlatibizatu behar dira baldin azterketa zehatza egiteko kapaz izango bagara. 2012. urtean ez ginen onenak... eta orain ez gara beste muturrera, txarrenak izatera igaro. Izan ere, ezinezkoa da horren denbora laburrean gure Hezkuntza sistema gainbehera etortzea. Datuak norberaren interesetarako, nahierara erabili ahal dira... baina horrek ez digu egin beharreko bidea asmatzen lagunduko, nire ustez.
Batzuek baieztatu dutenaren arabera, ustezko murrizketak izan dira halako emaitzak ateratzeko arrazoi nagusia. Hori egia balitz, beste lurralde batzuek, non murrizketak egiazkoak -ez alegiazkoak- izan diren, joera bera erakutsiko zuten... eta hobetu duten batzuen kasuan ez da horrela izan. Beste batzuen aburuz, irakaskuntza eleaniztunak eragin ditu halako emaitza kaxkarrak... ahaztu egiten da, ordea, laurogeiko hamarkadatik ona irakaskuntza eleaniztunak gurean egin duen ibilbidea, bai eta orain arte eman dituen emai-tza onak ere.
Beharbada, hasteko, 2012ko eta 2015eko ikasleen eta haien familien ezaugarriak alderatu beharko genituzke -normala denez, azterketan parte hartu duen gizataldea desberdina izan baita-, ea aldaketa esanguratsurik gertatu ote den begiratzeko. Konparatu beharko genituzke 2012ko eta 2015eko PISAko probak, aztertutakoen pisua berdina izan den eta probaren ezaugarriak (paper euskarria, digitala, ariketak ikusarazteko modua eta abar) emaitzetan eraginik izan ote duen... baina azterketaren emaitzak erlatibizatzeak ez gaitu beste aldera begiratzera, gauzak bere horretan uztera eraman behar.
Kalitatezko Hezkuntza sistema bat etengabeko berrikuntzarekin lotzea ezinbestekoa da baldin bere egitekoak egokitasunez beteko baditu. Irakasleen oinarrizko prestakuntzari eta etengabekoari dagokiona eraberritu behar da; halaber, garrantzitsua da curriculuma gehiegi ez zama-tzea, Euskadik hezkuntza gaietan eskumena duenez gero, Estatuko administrazioaren gehiegizko esku-sartzeari muga ezarriz; ikastetxeen kudeaketa eta berarekiko ardura ikastetxe bakoitza kokaturik dagoen hezkuntza-erkidegora hurreratzea ezinbestekoa da; Hezkuntza Administrazioa berritzea ere komeni da... bera baita berrikuntzari hainbatetan galga eta oztopoak jartzen dizkiona; etengabeko ebaluazio sistema eraikitzea; materialen berrikuntza indartzea; familien erantzukizuna lantzea; Hezkun-tzaren bizkar gainera bota ditugun zeregin guztiak berrikustea eta orekatzea; bikaintasuna, proiektu berritzaileak sustatzen dituzten ikastetxeak aitortzea, bultzatzea eta eredutzat hartzea komeni da... Hezkuntzan inbertitzea erabakigarria da, bihar-etziko belaunaldiak prestatzea baita egin dezakegun gauzarik onena eta eragingarriena.
Aieneak ez du balio, inorengan erantzukizunak lagatzea ere ez... lan kolektibo bati ekiteko, biharko Hezkuntza sistema eraikitzen joateko unea da.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">