Síguenos en redes sociales:

Pazientzia kontua, antza

Pazientzia kontua, antza

ATHLETICEK ezinean jarraitzen dau etxetik kanpo. Urrun geratu dira liga txapelketaren hasieran A Coruñan eta Granadan lortutako garaipenak. Ernesto Valverderen taldearen errendimenduak beherakada nabarmena eukiten dau San Mamesen jokatzen ez dauenean. Valverdek berak aitortu dauen lez, sailkapeneko goialdean egon gura dauen taldeak ezin dau hain uzta urria lortu etxetik kanpo. Itxaron daigun pazientzia kontua izatea. Izan be, iazko talde berbera da aurtengoa eta gizatalde honek erakutsi deusku zer egiteko gauza dan. Valverdek badaki lehenbailehen apurtu behar dala etxetik kanpoko bolada txarra. Alde batetik, zama hori gero eta astunagoa da zuri-gorrientzat. Bestetik, etxean irabaztea ez da nahiko sailkapeneko goialdeari eusteko. Etxetik kanpo galduta be Europatik hurre egon arren, ez da ahaztu behar Athleticek puntu batera dituela Eibar eta Espanyol eta bira Malaga, Las Palmas eta Celta, sailkapeneko hamabigarrena.

Bere hamaikakorik indartsuena zelairatu eban Valverdek Villamarinen eta Athleticek ondo ekin eutsan partiduari. Aurreko denboraldietako taldearen itxurea eukan. Baloi luzeak alde batera itxi eta behetik jokatzen ahalegindu ziran zuri-gorriak Beñaten gidaritzapean. Lehoien nagusitasunak zartako gogorra jaso eban, ordura arte Keparen atera hurreratu be egin ez zan Betisek gola sartu ebanean Laporteren huts ikaragarria baliatuta. Atzelaria ez dabil bape fin, entrenatzaileak etenbako konfiantzea erakutsi arren. Laportek ez dau jokatuko Ligako hurrengo partidua eta egia esateko ederto etorriko jako atsedena, berari eta taldeari. Badauka hausnartzeko arrazoirik.

Athletic ez dabil ondo eta horren erakusle dira entrenatzaileak egindako hiru aldaketak. Taldearen bizkar hezurra aldatu eban Valverdek partidua irauli gurean. Mikel San Jose makal dabil eta halanda guztiz be entrenatzaileak hasieratik zelairatzen dau. Atarrabikoak, baina, ez dau sasoia hartzen. Alde horretatik, deigarria da Iturraspegaz jazoten dana. Valverdek azken bi deialdietatik kanpo itxi dau Matienakoa eta Vesgaren aldeko apostua egin dau. Ez dakigu zer jazoten dan Iturraspegaz baina egoera hau ez da ona Athleticentzat.

Kontuak kontu, itxaropenari eutsi behar deutsagu. Ez dago besterik. Benito Villamarinen galtzaile izan arren, egia da taldeak Insularrean baino itxura hobea erakutsi ebala. Apurka apurka emoten dau Beñat sasoia hartzen doala. Muniain be politto ibili da azken partiduetan eta Aduriz bere onera itzuliko da arazo fisikoak kentzen dituenean. Azkenik, ezin esan Athleticek zorte txarra euki dauenik Europa Leagueko zozketan.