Síguenos en redes sociales:

Katedralaren epeltasunean

AZTERKETA gatxa gainditu dau Athleticek ligako azken jardunaldian. Izan be, Aritz Aduriz eta Raul Garcia barik nagusitu da Eibarren aurkako partiduan, eta bi jokalari honeek taldeko goleatzaile nagusiak ezeze, ekipoaren arima dira. Joko aldetik zer hobetu asko euki arren, zuri-gorriek ez dabe huts egiten San Mamesen eta sailkapeneko goialdean dagoz Europarako borrokan buru belarri sartuta. Valverderen gizonek aurkariaren ate aurrean erakutsitako eraginkortasuna erabakigarria izan zan Eibarren aurkako hiru puntuak eskuratzeko. Athletic eta Eibarren artekoa ez zan partidu ona izan -lehen zatia batez be- baina aurkarietako batek garaipena merezi baeban horixe etxeko taldea izan zan.

Zalantza artean hasi zan Athletic eta Eibarren arteko derbia. San Mamesko harmailetan bildutako zaleek ez eben garbi ikusten euren taldea gauza izango zanik Jose Luis Mendilibarren talde sendoari irabazteko. Lehen zatian ikusitakoak biderkatu baino ez eban egin zaleen kezka. Hori guztia, Beñat Etxebarriak baloia Asier Riesgoren atearen eskuadran ipini eban arte. Arratiarraren maisutasunak garaipenerako bidea zabaldu eutsan bere taldeari lehen zatiaren ondarrean. Bigarren zatian, Eibar bardinketaren golaren bila ebilela, Iñaki Williamsek lasaitasunaren gola sartu eban jokaldi bikaina egin ostean. Athleticeko aurrelariak zama handia kendu dau ganetik Eibarri sartutako golagaz. Gol biko aldea izan arren, zuri-gorriak ez egozan eroso zelaian eta Mendilibarren gizonek izua zabaldu eben Katedralean Enrichen golagaz. Zorionez, hortxe amaitu zan eibartarren erreakzioa.

Halan edo holan, baina Athleticek irabazi egiten dau San Mamesen. Valverderen gizonek hamar partidu jokatu ditue denboraldi honetan Katedralean -ligako zazpi eta Europako ligako hiru- eta zortzi irabazi dabez, bat bardindu eta bakarra galdu, Bartzelonaren aurka ganera. Etxetik kanpo, ostera, zenbakiak bestelakoak dira.Edozelan be, Athletic Europako postuetan dago , Txapeldunen Ligatik hurre.Eta hori guztia ondo jokatu barik.

Athleticen zenbakiak onak izan arren, garbi dago taldeak hobetu egin behar dauela bere jokoa, sailkapeneko goialdean jarraitu eta Europa Leaguen aurrera egin gura badau. Valverderen gizonek, mahai ganean ukabilkada bat emoteko aukera bikaina daukie etzi Vienan. Multzoko sailkapeneko lehen postua dago jokoan, baina horregaz batera, etxetik kanpoko dinamika negatiboa iraultzeko aukera bikaina daukie zuri-gorriek.

Asier Villalibrek ez dau inoiz ahaztuko Eibarren aurkako partidua, estrainekoz jokatu eban-eta Athleticegaz. Hamar minututan, hirugarren golaren pasea emon eutsan Iker Muniaini. Etorkizun handiko jokalaria da gernikarra. Baina Ernesto Valverdek ondo esan dauen moduan, ez gara arinegi joan behar. Izan be, harrobiko gazte baten debutak ikuskizun handia sortzen badau be, handik gitxira jokalaria erre egiten dogu bere gabeziak azpimarratuta. Horrelako zeozer jazo zan Guillermogaz. Etorkizun handiko jokalaria zan -eta da- baina ez eban zorterik izan lehen taldean. Bigarren mailan jokatzen dabil orain.