Síguenos en redes sociales:

Huts egin barik

Huts egin barik

Balio handiko hiru puntu eskuratu dauz Athleticek Vila-realen aurka. Irabazi beharreko partidua zen, Escribaren taldea aurkari zuzena delako Europarako sailkatzeko borrokan. Horregaz batera, zuri-gorrientzat ezinbestekoa zen garaipena, sailkapeneko goialdeari eutsi eta aurreko jardunaldietako bolada eskasari amaiera emoteko. Kontuak kontu, Ernesto Valverderen taldeak ez eban huts egin eta bete egin eban helburua. Lehen zati aspergarri edo “taktiko”aren ostean, lehoiak jaun eta jabe izan ziren bigarren zatian eta ondo merezita eskuratu eben garaipena.

Beñat Etxebarriagaz arriskurik ez hartzeko erabakiak, arriskuak hartzera bultzatu eban Valverde Vila-realen aurkako partiduan. Athleticeko entrenatzaileak Mikel Vesga gaztea eta Mikel Rico zelairatu ebazan hasierako hamaikakoan, Beñat eta Mikel San Jose ordezkoen aulkian itzita. Txingurrik inork baino hobeto daki zein garrantzitsua den arratiarra taldearen jokoan eta ez eban arriskurik hartu gura izan, barriro lesionatzeko aukereari ate guztiak itxita. Iturraspe min hartuta, Mikel Vesgaren aldeko apostua egin eban barriro entrenatzaileak, Cornella-El Praten egin eban legez. Hamaikakaren gainerako lerroetan, baina, ez eban aldaketarik egin. Kontua da, Vila-realen aurkako partiduko lehen zatia aspergarria baino aspergarriagoa izan zela. Athleticek ez eban arriskurik sortzen Vila-realen atean eta horiak hurreratu be ez ziren egiten Kepa Arrizabalagaren atera. Ez zen bide egokia garaipenerako.

Bigarren zatian, ostera, Athleticen itxuraldaketea etorri zen. Iñaki Williams erasoko jokoaren erreferente lez hartuta, zuri-gorriak arriskua sortzen hasi ziren Sergio Asenjoren atean. Etxeko taldea, baina, bardinketea hausi ezinik ebilen. Valverdek asmatu egin eban San Jose eta Susaeta zelairatuta eta bost minutu beranduago Raul Garciak sareetara bidali eban Adurizek sortutako gola. Hortik aurrera, Athleticen nagusitasuna erabatekoa izan zen eta markagailuak ez eban erakutsi zelaian talde bien artean egon zen aldea.

Partiduaren lehen zatia ahaztuta, ondorio positiboak bakarrik atara geinkez domekako partidutik. Hasteko, Athletic garaipenaren bidera itzuli da azken hiru jardunaldietan irabazi ezinik egon ostean. Zuri-gorriek mendean hartu dabez sailkapenean aurretik daukeezan hiru talde, Sevilla, Vila-real eta Reala. Ez dabe golik jaso azken bi jardunaldietan eta ez dabe partidurik galdu Kepa Arrizabalaga atean dela. Bost garaipen eta bardinketa bat eskuratu ditu Athleticek ondarrutarrak jokatu dauzan partiduetan.

Banan banako azterketa eginez, Aduriz eta Raul Garciak, gurditik tiretu eben taldeak gehien behar ebanean. Eneko Bovedak ederto bete eban De Marcosen hutsunea eta Yerayk bikain segiduten dau. Baina, jokalari baten lana nabarmentzekotan, Iñaki Williamsena litzateke. Lan itzela egin eban partidu osoan -bigarren zatian batez be- eta gola sartzeko orduan asmatu ez arren, bera izan zan Athleticeko jokalari arriskutsuena. Gola, iritsiko da.

Valverderen taldeak ederto ekin deutso urte amaierako maratoiari. Vila-realen aurkakoa garrantzi handiko partidua zan eta Sassuoloren aurkakoa erabakigarria gerta daiteke, Athleticek Europako Ligako hurrengo faserako sailkatu daiteke-eta. Ia ba, barriro be zuri-gorriak aurkariak menderatzen ikusten doguzan.

Nik ezin dot alde egin artikulua amaitu barik, baina San Mamesko ikusle askok alde egiten dabe partidua amaitu barik dagoanean. Ez dot ulertzen “ohitura” barri hori, are gitxiago taldea 1-0 irabazten joanda aurkari zuzen baten kontra. Ganera, ez dot uste taldeari laguntzen deutsanik zaleak zelaitik urteten ikusteak.