BAT nator, guztiz, JuanmariLarrartek larunbatean Berrian eskainitako iritziaz. Aipatzen zuen, batzuen ustez, euskararen normalizazioa bidegurutzean dagoela eta Juanmarik zioen, kontua ez dela euskararen normalizazioa bidegurutzean dagoen edo ez, paralisi egoeran gaudela baizik. Hau da, euskara ez dela lehentasunezko kezka ez maila sozialean ez maila politikoan. Eta egoera hori izanik, euskalgintza “txikira” jokatzen ari dela.

Atzoko emaitzak lortzeko prestatutako kanpainan ere euskara ez da gai zentrala izan hautagaietako bat beraren ahotan. Behin berriro, eta ez asmorik zintzoenarekin, instrumentu edo tresna izan da alderdi batzuek besteei batzuen eta besteen arteko bereizketa nabarmen arazteko. Baina fitsik ere ez euskararen normalizazioaren gaineko programaz. Beharbada, hala behar zuen. Askotan aipatu eta eskatu izan baita euskara guztiona dela eta, beraz, ez dela botoak irabazteko edo galtzeko erabili behar.

Aitortu behar da da, baita, alderdi batzuen kasuan, kanpainan egin duten euskararen erabilera, euskaradunaren belarria asetzeko modukoa izan dela: halako batean! (ez guztietan %100ean orekatua). Baina Larrartek feministen mugimendua adibidetzat jartzen zuen bezala, ni ere euskalgintzak “handira” jokatu behar duen ideiaren aldekoa naiz. Ez, preseski, “politikoki zuzena” afera honetan. Euskara jakitea “garrantzitsua” izan behar da herri honetan, “beharrezkoa” herri honek eskaintzen duen oro jaso ahal izateko. Euskara ez jakiteak “galera” suposatu behar du eta ez naiz administrazioko lanpostuetarako aukera ezaren ideia elikatzen ari. Bestela, euskara, beti, gutxi batzuon hautua izango da, erromantikoena edo erradikalena, mundu txikian bizi garenona; gainontzekoek, guztiok dakizkigun hizkuntzak erabiliko dituztelarik, praktikoagoak direlakoeta munduaren zabalari neurria hartzen dakitelako.

Argumentu zaharrok barneratuegi ditugu.