hona nire txikitako oroi-tzapenik bizienetakoa, Donostiako hondartzakoa, jenderik apenas ez dabilen udako goiz epel baten. Aitak besapeetatik helduta airean jirarazten nau bizkor. Bat-batean gelditzean, lurrean uzten nau, eta bilin-bolo mugitzen hasten naiz, orekari eutsi ezinik. Lurra mugitu egiten da, horizontea mugitu egiten da, eta nire oinekin estropezu egiten dut lurrera erori arte. Amak errieta egin dio aitari, umea zorabiatzeak batere graziarik ez duela esanez. Aita eta biok, ordea, irribarre egiten dugu: atsegin dugu den-dena mugiarazten duten une labur horiek.
Brexit-aren ondoko zorabioaren erdian jarraitzen dugu. Erresuma Batuan ez da egundo batuketa-izpirik ikusten, ez alderdi politikoen egituretan, ez gizartean, are gutxiago erabakiaren kudeaketan nola edo hala pauso sendoak egin beharko lituzketen eragileen artean. Egunetik egunera pilatu egiten dira ezusteak: dimisioak, goi-ardurak hartzeko lasterketa zoroa, negoziazioari heltzeko edo ez heltzeko saio ulergaitzak...
Zorabioak hartuta du Espainiako politikagintza. Lerro hauek idazten ari naizelarik, ekainaren 26ko hauteskundeek utzitako emaitzek gobernu berria osatzeko argia emango ote duten ez dakigu. Botoen mugimenduak ulertu nahian, era guztietako hipotesiak darabiltzate emaitzak aldekoak izan dituztenek zein burua makurtuta amaitu dutenek: ulertu ezinak mundua hankaz gora jarri duela diote.
Donostiako hondartzan amaren ahotsa entzun nuen bezain argi adi-tzen dut etorkizuna leku ordenatu edo egonkorra izatearekin amets egiten dutenen kexua: kaosa iragartzen dute, kalapita. Eta udako goiz horretatik gogoratzen dudan sentipen kontrajarri berbera nabari dut nire baitan: atsegin dut aldez aurretik definituta, egonkorra eta beti berbera dirudien munduak ezusteak ematen dizkidanean. Kaosak ez du zertan akabera ekarri behar, zerbait desberdin, berri (eta zergatik ez, hobe) ere sor daiteke bat-bateko nahasmena eta gero.