Síguenos en redes sociales:

Okerreko bidetik

Okerreko bidetik

lIGA txapelketak euki dauen etenaldiak ekarritako atseden egunak ez dabe ondorio positiborik ekarri Athleticera. Ernesto Valverdek argi eta garbi esan eban Lezaman Granada eta Rayo Vallecanoren aurkako partiduek sekulako garrantzia daukiela Liga txapelketarako, sei puntu erreskadan eskuratuta taldeak jauzi handia emongo leukeelako sailkapenean. Ba, gauzak ez dira ondo hasi azken txanpa honetan, Athleticek ezin izan deutso irabazi-eta Granadari, sailkapeneko zuloan sartuta dagoan taldeari San Mamesen jokatutako partiduan. Emaitza alde batera itzita, zuri-gorriek joku eskasa egin eben domekan Katedralean, intentsidade, erritmo eta sakontasun bakoa. Halan da guzti be, esku eskuan euki eben garaipena. Holan jokatuta, ostera, ez dabe zer eginik izango, Sevilla, Atletico Madrid edo Celtaren aurka.

Liga, Kopa eta Europa Leagueko berrogeita hamar partidu jokatu ostean Athleticeko jokalariek gustora hartu eben aste santuko atsedena. Sarritan, ostera, ez dago jakiterik zelan itzuliko dan taldea lehiaketara etenaldi baten ostean. Joan zan domekan San Mamesen ikusitakoaren arabera, atsedenaldiak ez deutse mesederik egin Ernesto Valverderen gizonei. Entrenatzaileak partidu bezperan hiru puntuak lortzearen garrantzia azpimarratu arren, taldeak ez eutsan indartsu ekin Granadaren aurkako partiduari. Lehenengo ordu erdian aurkariaren ate ingurura iritsi ezinik ibili ostean, Iñigo Lekueren golak garaipenerako bidea zabaldu eutsan talde zuri-gorriari. Atsedenaldira heldu aurreko minutuetan Valverderen taldeak norgehiagoka erabagita izteko aukerak alferrik galdu ebazan, Adurizek huts egindako penaltia tartean dala.

Bigarren zatian Granada berdinketaren golaren bila abiatu zan.Bitartean Athleticeko jokalariak ez egozan gustura zelaian. Asmatu ezinik lehen mailako talde makalenetako baten aurka. Eta futbolean sarritan gertatzen dan moduan, bigarren gola parkatzen dauen taldeak garesti ordaintzen dau. Athleticek balio handiko puntu bi galdu zituen Granadaren aurka. Futbolean edozer gerta daiteke, bai, baina Athleticek ezin dauz galdu domekan galdu zituen puntu biak, beti be, sailkapeneko goialdera begira badago.

Ernegaten eta kezka puntu bategaz urten genduan San Mamesetik. Ernegaten puntu bik ihes egin ebelako eta apur bat kezkatuta taldearen jokoagaitik. Ez dogu ahaztu behar ez dala Athleticen lehen partidu txarra azken jardunaldietan. Mestallan eta Cornella el Praten be maila eskasa emon eben Valverderen mutilek.

Gure ernegua baretu egin zan iluntzean Sevillak galdu egin ebalako Sanchez Pizjuanen. Antza, Unai Emeryren taldeari be ez jako ondo etorri atsedenaldia. Kontuan kontu, Athleticen aurkari nagusien, Celta eta Sevillaren emaitzak kontuan hartuta, zuri-gorriak aurreko jardunaldian baino hobeto kokatu dira sailkapenean. Zazpi jardunaldi geratzen dira Liga txapelketa amaitzeko eta Athletic Europako postuetan dago eta Sevilla eta Celta San Mamesetik igaro behar dira. Hori bai, jokoa hobetzen ez badogu eta ohiko intentsitatea eta grina barik ez da zer eginik egongo.

Europa Leagueko final laurenetako kanporaketako lehen partidua jokatuko dau Athleticek etzi San Mamesen Sevillaren aurka. Nahi ta nahi ez, danori jatorku burura Kopa txapelketan Joaquin Caparros entrenatzaile zala Nerviongo taldearen aurka finalaurrekoetan jokatutako eta bikain irabazitako partidua. Gatxa izango da halako giroa errepikatzea baina ahalegina egin behar dogu. Jokalariek be, partidu horren bideoa ikusi beharko leukei Tokero eta enparauen erakustaldia gogoratzeko. Athletic ezin da talde hotza izan. Lapikoa irikitan egon behar da eguenean San Mamesen. Eta, mesedez, Gurpegiri txisturik ez.