DAKIGUNEZ, 1789tik 1799ra bitartean Frantzian aldaketa politiko eta sozial azkarrak gertatu ziren. Testuinguru horretan, ehundu zen, 1793. urtean, “askatasuna, berdintasuna, senidetasuna edo heriotza” goiburu ezaguna. Geroztik, demokrazia aldarrikatzeko, bidegabekeriei aurre egiteko, bai eta askotariko gobernu zapaltzaileei kontra egiteko ere, erabili izan den esaldi esanguratsua.

Hasieran, Frantziar Iraultzaren printzipioak ahalik bizkorren zabaltzeko, tokiko hizkun-tzak erabiltzeko -Frantziako biztanle gehientsuenek ez baitzuten frantsesa hizkuntza ezagutzen- saioa egin zuten. Egoera horrek, ordea, oso denbora laburra iraun zuen. Izan ere, askotariko hizkuntzak baliatzeak herritarren artean iltzatu nahi zen berdintasun eta senidetasun printzipioak ahultzen zituelakoan, Paris eskualdean hitz egiten zen dialektoak -oil hizkun-tza taldekoa eta XVI. mendetik geroztik, frantses hizkuntza estandarraren oinarria zenak- estatu hizkuntza izaera erdietsi bai-tzuen. Harrezkero, estatuak administrazioa, irakaskuntza, ejerzitoa eta abar... dezakeen guztia baliatu du frantsesa ezar-tzeko eta tokiko hizkuntzak baztertzeko, ia desagerraraztera eramateraino... eta bidegabekeria horrek segitzen du, Frantziako Nazio Batzarrak bizkarra erakutsi izan dielako euskara bezalako hizkuntzak aitortzeko aurkeztu diren proposamen guztiei. Itxurak gorde dira baina sakoneko jarrerak ez dira aldatu.

Pasa den mendeko laurogeiko hamarkadan, Frantziak Europako Eskualde eta Gutxiagotutako Hizkuntzen Gutuna izenpetu zuen, hamarkadak beranduago Frantziako Nazio Batzarrak berretsi gabe segitzen duena; Konstituzioan tokiko hizkuntzei lekua egiteko aurkeztu diren ekimen guztiak ezerezean utzi dituzte... eta halako ekimenei kontrakotasuna, hoztasuna eta bizkarra ez diete eskuineko alderdiek erakutsi bakarrik. Nazio Batzarrean ezkerreko alderdiak nagusi izan direnean ere eztabaidak zezaketen guztietan atzeratu dituzte, arrazoirik gabe. Ondoren, beste alderdi batek nagusitasuna hartzean, eztabaidari ia hasieratik ekin behar izatera eramanez. Ondorioz, ezbairik gabe esan liteke Frantziako bi korronte politiko nagusiek ez dutela neurri esanguratsu eta adierazgarririk hartu nahi izan tokiko hizkuntzak aitortzeko, bizirauteko eta biziberritzen laguntzeko.

Auzo lotsa sorrarazten du Frantziako biztanleriaren heren batek darabilen hirurogeita hamabost hizkuntzen alde Paul Molac Bretainiar diputatuak, Eskualde Hizkuntzen erabilera sustatzeko, aurkezturiko Legez besteko proposamena boto bakar batengatik ezetsi izanak... eta are auzo lotsa handiagoa batzar-aretoa hutsik dagoela ikusteak ere -diputatuek, horien artean Ipar Euskal Herria ordezkatzen dutenak, ispilutik ihes egin eta burua hegalpean gorde nahi izan balute bezala-. Bi gertaerek erakusten digute berdintasuna, senidetasuna eta askatasuna ez direla hizkuntza eta kultura txikiei, hizkuntza-erkidego txikiei aplikatzeko modukoak... eta bai, ordea, 1793ko esaldiaren azken hitza, herio-tzara kondenatzea, hain zuzen.