MENDEAREN hasieratik sorrarazitako aberastasun berriaren erdia ehuneko bakar baten poltsikoetan geratu da, aberatsak zirenak are aberatsago bilakatuz. Txiroek, ordea, apenas nabaritu dute gehikuntza horren eraginik eta, krisia hasi zenetik hona, zutenaren %41 galtzera iritsi dira. Gauzak horrela, esan liteke krisiaren ondorioak gutxiago dutenek jasan behar izan dituztela, haien bizi-baldintzak eskastuz eta desorekak areagotuz.

Kontua ez da munduan aberastasunik ez dagoela. Gakoa da gutxi batzuen esku geratzen ari dela geroz eta ondasun eta baliabide gehiago, biztanleriaren gehiengo zabala bizirautera kondenatzen den bitartean. Honek, munduan desorekak areagotzen, gehiengoak erabiltzen dituen zerbi-tzuak galgatzen, bazterkeria bultzatzen, tentsioak indartzen eta jendearen mugikortasuna areagotzen ditu, egoera eta arazo berriak sorraraziz.

Ekonomia Lankidetza eta Garapeneko Erakundearen arabera -OCDE akronimoagatik ezagunagoa-, krisia hasi zenetik, desberdintasuna Espainian hazi da gehien, Zipreren atzetik eta hamalau bider Grezia -beste parametro batzuetan okerrago dagoena- gaindituz. Horiek horrela, 2014. urtean, Espainiako biztanleriaren %29,2k bazterkerian erortzeko arrisku larria zuen. Horra hor, Espainiaren gobernagarritasunean ardurak hartu nahi dituztenek, estatuaren egituratzeari buruz ezinbestean hartu behar dituzten erabakiekin batera, bideratu behar duten beste errealitate bat... eta horretarako makuluak ezagunak dira.

Hasteko berraztertu beharko da PPren gobernuak abian jarririko erreforma fiskala, iazko urtarrilaren batean indarrean jarri, progresibitatea baztertu eta gutxiengo bati mesede egiten diona. Horri gehitu, bere sasoian iruzurgileentzat onarturiko amnistia -iruzurgileei gauzak erraztu dizkiona eta mezu hilgarria gizarteratu duena-, inolako gizarte errentagarritasunik izan ez duten azpiegitura eta gisakoetan xahuturiko baliabide andana, zerga-paradisuetara eramaten diren baliabideak -jazartzen ez direnak-, ustelkeria eta abar. Ondorioz, beste bide bati ekin beharko zaio etorkizun hurbilean gauzak onbideratu eta ongizate estatuari eutsi nahi bazaio.

Presio fiskala areagotu egin beharko da, gehiago dutenek ekarpen are handiagoa egin dezaten ziurtatu; iruzurra jazar-tzeko baliabideak indartu egin beharko dira; herri-erakundeen esku utziriko baliabideak gardentasunez kudeatu daitezen ziurtatu, kudeaketa txarra jazarri eta erantzukizunak eskatzeko moduak ezarri; tokiko erakundeen esku hartzea eta eran-tzukizuna bilatu; ustelkeria ezabatzeko makulu eragingarriak onartu... neurri horiek eta gehiago beharko dira, desberdintasunak ezabatzen joango bagara, gutxieneko zerbitzuak mantenduko eta ekonomia suspertzeko beharrezkoak direnak eskuratuko badira.