Síguenos en redes sociales:

Zoritxarreko gehiegi gauza onerako

Zoritxarreko gehiegi gauza onerako

RAMON Sanchez Pizjuan ez da estadio gozoa Athleticentzat. Estadistikak ikustea besterik ez dago. Zuri-gorriak esku hutsik atara dira gehienetan Sevillaren zelaitik. Aurten be, gauza asko gertatu dira bertan jokatutako partiduan eta guztiak txarrak Athleticentzat. Raul Garciak belaunean izandako lesinoa da larriena ezelako zalantza barik. Ernesto Valverderen taldeak oztopo gehiegi aurkitu zituen: Eraginkortasun faltea, aurkariaren eraginkortasuna, arbitroaren hutsak eta Raul Garciaren zoritxarreko lesinoa. Kontuak kontu, Athleticek galdu egin eban barriro be Sanchez Pizjuanen eta Ligan irabazi ezinik dago 2016 urtean. Lehen itzulia amaituta, taldea ez dago Europako postuetan baina argi erakutsi dau hautagai sendoa dala sailkapeneko goialdeko postuetan amaitzeko.

Arestian esan dogun lez, Sanchez Pizjuan ez da arrain-leku oparoa Athleticentzat. Edozelan be, zuri-gorriei jazoten jakena beste askori be gertatzen jake. Azpimarratzekoa da Unai Emeryren taldeak irabazi egin dituela etxean jokatu dituen azken zortzi partiduak eta Real Madrid, Bartzelona edota Valentzia esku hutsik joan dirala bertatik. Valverderen gizonek ederto ekin eutsoen partiduari erasoan zein defentsan. Emeryren taldea ez zen gauza arriskurik sortzeko Iraizozen ate aurrean. Zuri-gorriek, barriz, aukera garbiak sortu ebezan Sevillaren atean. San Josek edo Lekuek, baina, ezin izan eben zulotu Sergio Ricoren atea. Eraginkortasun kontuak. Kevin Gameirok, ostera, ezin hobeto baliatu eban Vitolok emondako baloi bikaina. Partidua aldats gora egoanean zuri-gorrientzat, Valverderen taldeak gola baino kolpe gogorragoa jaso eban. Raul Garciak itzi egin behar izan eban zelaia ezker belaunean min hartuta lehen zatia amaitu baino lehen. Athleticen erasoko jokoak asko galdu eban nafarra barik. Edozelan be, Aduriz partidua bardin-tzeko zorian egon zan lehen zatiko azken jokaldian.

Bigarren zati osoa aurretik izanda, Athletic zaleok eutsi egiten geuntsan punturen bat urratzeko itxaropenari. Prieto Iglesias epaileak, ostera, arin itzi gintuan ilusino barik zuri-gorrien aurkako penalti bat asmau ebanean. Carlos Gurpegik esan eban lez, Krichoviakek zulo bat egin eban zelaian, lurraren aurka jo ebalako. Hortxe amaitu zan partidua. Oztopo gehiegi gauza onerako. Valverderen aldaketek ez eben ezer aldatu. Erasok ezin izan eban bete Raul Garciak itzitako hutsunea, Muniani asko falta jako sasoi onena berreskuratzeko eta Sabin Merinok ez eban izerdirik emoteko astirik izan.

Egia esateko, Sevillan galdu izanak ez dau inor ezustean harrapauko, ia urteroko kontua dalako.

Aurrera begiratu behar da eta hurrengo hitzordua bihar bertan daukie zuri-gorriek Vila-realen. Sanchez Pizjuanen jazotakoa ahaztu eta Valverderen gizonek euren maila onena emon beharko dabe Kopan aurrera egiteko oztopo guztien ganetik. El Madrigal ez da zelai erreza eta Raul Garcia barik jokatu beharko dabe. Aukera ona beste ukabilkada bat emoteko mahai ganean, Balaidosen egin eben legez. Athletic gauza da Marcelinoren taldea kanporatzeko eta erakutsi egin behar dau.

Emakumezkoen taldeak emon deusku asteburuko poz handiena. Joseba Agirreren taldeak nagusitasun osoz menderatu dau Atletico de Madrid, Liga txapelketa irabazteko aurkari nagusienetako bat eta golik jaso barik ganera. Omenaldirik onena lesionaturik dagozan Nekane, Alazne, Jone, Irune, Eli, Joana eta Erikarentzat.

Txanponaren beste aldean dago Bilbao Athletic, sailkapeneko zulotik urten ezinik. Emaitzak emaitza, harro egoteko arrazoiak emoten deuskuz Zigandaren taldeak. Ez dabe inoiz amore emoten eta jokatzen ahalegintzen dira beti. Ganera, Bilbao Athletic larri ibiltea normaltzat hartu behar dogu, aurtengo plantilea iazko Bigarren B mailakoa baina makalagoa dalako. Partidu asko geratzen dira eta lehoi-kumeek ez dabe amore emongo.