NEGUA ez da negu hasi. Elurra pitinka egin badu ere apenas zuritu dira gure mendiak oro. Alturako beste eremutan zuritasunak bere jantzia jarri du, eta hor bai, neguaren traza hartu du paisaiak. Eta harago, herrialde urruneko mendi goienetan, bestelakoturik dago dena. Han, betiko lez, negua negu etorri da.

Alpinista zenbait ari dira urte berriaren lehen egun hauetan, dituzten indarrak eta beroak neurtzen eta ahi-tzen Nanga Parbat beldurgarriaren maldetan. Joan den urtean espedizio bat abiatu zen handiarekin lehiatzera, eta zortea alde izanda aukeraren bat egon litekeela ikusita, aurten bost taldetxo abiatu dira handiaren biboteetara igotzeko asmoz.

Alex Txikon, Daniele Nardi eta Ali Sadparak osazten dute hirukote bat, eta han agertuko dira Adam Bielecki eta Jacek Czech, Simone Moro eta Tamara Lunger, eta beste talde bat, Tomek Mackiewicz, Elisabeth Revol eta Ahmed Arsalanek osatzen dutena. Bakoitza bere estiloarekin, bere asmoarekin, bere ilusio eta ametsarekin. Baina egia esan, guztiek dituzte amets, ilusio eta asmo berberak: Nanga Parbat mendia neguan igotzen lehenak izatea. Izan ere, alturako neguko alpinismoa ez da existitzen hori bezalako primizia bat lortu nahi ez bada. K2 eta mendi hau dira oraindik neguan igo ez diren bakarrak, eta gizakia tematia da ia ezinezkoak diren kontuetan. Horrexegatik antolatzen dira urteroko espedizio hauek.

Baina negua oso negu datorrenean, hilgarria ere suerta daiteke. Gabonetan gogoratu genuen Anatoli Bukreev handiaren heriotza. 1997ko neguan izan zen, eta Annapurna igo nahi zuen Simone Moro eta Dimitri Sobolev alpinista eta lagunekin. Gure pantailetara heldu berri den Everest filmeko tragediaren lekukoa izan zen Anatoli, eta berak erreskatatu eta salbatu zituen hainbat bezero heriotzaren hatzaparretatik. Handienetan handiena izan zen, baina elurrolde batek tragatu zuen betiko. Behin hala esan zuen: “mendietako tontorretatik nire iragana ikusi, nire etorkizuna amestu eta nire oraina sentitzen dut. Nire ikuspegia deslausotzen da, eta nire indarra piztu. Mendietan birsortzen naiz”.

Batzuetan, negua negu etortzen da.