MARKAGAILUA zeron jarrita abiatzen dugu urte berria, eta guztia eramangarriago egiten zaigu. Zerotik kontatzen hasita, gauzak emendatzeko denbora gehiago izango dugula irudi lezake, edota eramangaitz egiten zigunaren pisua bat-batean arindu egiten dela pentsa liteke. Jakin badakigu begitazio bat dela, salbuespenak salbuespen, oso gauza gutxi baitira guztiz berri, baina ispilatze horrek funtzionatu egiten du itxuraz: geure burua engainatzeko, besterik ez bada ere.

Zeron jarri dugu emakumeen kontrako biolentziaren kontagailua. Errazagoa da horrela, urtez urteko baturaren zifrak oso agerian lagako bailuke gure ezintasuna. Oraingoz, behintzat, hutsik dago laukitxoa. Gutxi iraungo du horrela, gutxien espero dugunean agertuko baita hedabideetan “hau jasanezina dela” esatera eramango gaituen gertakariren baten arrastoa. Ez dakigu non izango den, zein izen-deitura izango dituen urteko lehen biktimak, eta hori guztia ezagututa ere, ez dugu jakingo zein infernu-motatik agertuko zaigun supituan. Zaharrak berri.

Aurreko hura baino bizkorrago mugitu da, alta, errefuxiatuen etengabeko dramaren markagailua. Bi urte zituen kostaldera iritsi ezinda, itota, hil egin den lehen biktimak. Ez dakigu zehazki nondik zetorren, ezta bere izen-deiturak zein ziren ere. Ez dakigu nora zihoan, ezta norekin abiatu zen ere. Imajina genezake kostaldearekin amets egiten duten gainerako errefuxiatuen antzera, ispilatzearen bila ziharduela, itsasoaren bestaldean aspalditxo desagertu zen balizko aterpearen miran. Zaharrak berri.

Ulertu nahi nuke zein mesede egiten digun hasierako laukira itzultzeak, interes estatistiko hutsetik harago. Ulertu nahi nuke zer sentitzen duten joan den urtean hildako emakumeen seme-alabek edo lagunek, bat-batean zerrenda guztietatik desagertze horrek zer eragiten dien gehiago, pena ala nazka. Jakin nahi nuke zer sentitu zuen urteko lehen egunean markagailu estreinatu berrian lehen biktimaren erreferentzia idatzi zuen funtzionarioak, ezintasuna edo amorrua.