ERABAKIAK hartzea, bai eta aldeko ala kontrako ondorioak onartzea ere ez da erraza. Hainbatetan, ondorio kaltegarriei izkina egiteko asmoz, demokraziaren ukendu miragarriarekin estaltzen da norberak erabakirik hartu nahi ez izana... Halako zerbait jazotzen ari da Katalunian ere, nire ustez. Agidanez, burujabetza lor-tzeko prozesuak dauka lehentasun osoa baina prozesu hori gidatu behar duena izenda-tzeak kateatu du guztia.

Horiek horrela, zalantza handiak ditut burujabetzaren zirimolan murgildu diren alderdiek operazioa bururaino eramatea posible den sinesten ote duten, bai eta herritarren gehiengo zabala halako hautuaren atzealdean dagoen ere. Izan ere, kalean eginiko erakustaldiak gorabehera ez dut aparteko berotasun eta irmotasunik ikusten. Ai-tzitik, datozen urteetan abertzaletasuna nork gidatuko, hots, hegemonia nork hartuko duen da taula gainean jokatzen eta esaten ez dena.

Funtziotan Generalitateko presidentea denak azken hamarkadatan Katalunia gidatu duen koalizioa txikitu du; bere alderdia birfundatzeko prozesu bati ekin behar izan dio... baina bere aurkari politikoentzat ez da aski izan. Bera omen da Katalunian eginiko murrizketen erantzulea. Nahita ahaztu egiten dute, ordea, bere aurretik hainbat urtez egon zen hirukoak utzi zuen zor astuna, krisi ekonomikoaren eragina, Espainiako Gobernuak -PSOE bidelagun duela- defizitari aurre egiteko Konstituzioan eginiko aldaketa, balantza fiskalaren ondorioak, bai eta Espainiako Gobernuaren eskusartzea ere. Ondorioz, ezin esan liteke murrizketen eran-tzukizun osoa berea eta bera ordezkatzen duen alderdiarena direnik. Nolanahi ere, prozesua horrenbeste katramilatu da -Espainiako hauteskundeen emaitzak barne direla- non Gobernua osatuko balitz ere egin beharreko bidea are malkarragoa izango den.

Espainian ere egoera ez da bolanderak botatzeko modukoa. Bi alderdi nagusien arteko norgehiagoka, hiru -gehienez lau- alderdien artekoa bilakatu baita. Ondorioz, inork ez dauka gehiengo sendorik goberna-tzeko, bazterrean utzi nahi diren alderdi abertzaleen laguntzarekin ez bada... eta horra PSOEren kontraesana. PP alderdiari ez dizkio ateak irekitzearen erantzukizuna hartu nahi, bai baitaki aldaketaren gobernua eratu ahal izateko, Iglesiasen mugimendua ez dela gobernatzeko nahikoa eta ezinbestekoa duela gutxietsi nahi dituen bestelako alderdien laguntza, dituzten helburuei bidea emanez. Hor ere ez dira gauzak garbi esaten. Besteak beste, Espainian legealdia hasten bada laburra izanen delako eta hauteskunde berriak egitea litekeena delako.

PSOEk espainiartasunaren banderarekin alde bateko botoak eta ustezko ezkerreko programaren bidez bestelakoen indarra higatu nahi du... hor ere lehentasuna ez baita aldaketa gidatzea baizik etorkizunean hegemonia berreskuratzea.