Síguenos en redes sociales:

Munduko txapeldunaren borrero

Munduko txapeldunaren borrero

Garaipenaren bidera itzuli da Athletic Liga txapelketan, aurreko jardunaldi bietan puntu bakarra eskuratu ostean. Irribarre bategaz heldu gura eban Ernesto Valverdek gabonetako atsedenaldira eta zuri-gorriek ez eben huts egin sailkapeneko azkenaren aurka, partidu bikaina jokatu ez arren. Athletic zaleok badogu pozik egoteko arrazoirik. Superkopea munduko txapeldunari irabazi ostean, zuri-gorriek ez eutsien hasikera ona emon Liga txapelketeari. Valverderen taldea, ostera, errekuperatu egin da eta hamasei jardunaldi jokatuta, sailkapeneko goialdean dago eta puntu bira ditu Europako postuak. Marsellako Olympique eta Vila-real doguz zain Europako Ligan eta Espaniako Kopan. Hori gitxi balitz, edozein aurkariren kontra lehiatzeko gauza dirala erakutsi dabe Valverderen gizonek. Zerua laino barik dago Athleticentzat.

Beti errepikatzen dot erregulartasunaren lehiaketan zer edo zer egin gura dauen taldeak etxeko partiduetan oinarritu behar dauela bere arrakastea. Sailkapeneko azkenaren aurka jokatu eban Athleticen San Mamesen, bai ala bai irabazi beharreko partiduan. Malagaren aurkakoa be irabazi beharrekoa zan baina puntu bik alde egin eben Katedraletik. Levanteren aurkako partidua be ez zan ondo hasi Valverderen taldearentzat. Valentziarren presinoak ito egin eban zuri-gorrien erasoko jokoa eta etxeko taldeak ezin izan eban arriskurik sortu Mariñoren ate aurrean.

Bigarren zatian, baina, gauzak goitik behera aldatu ziran. Valverderen taldeak intentsidade handiagaz ekin eutsan jokoari eta apurtu egin eban aurkariaren hesia Mikel San Josek sarturiko golari esker. Atarrabiakoaren golak ez eban aldatu zuri-gorrien jarrerea eta jo eta su jardun ziran bigarren golaren bila. Egia esateko, Valverderen gizonek ez eben erakutsi beste partidu batzuetako zorroztasuna aurkariaren atea zulatzeko eta aukera ugari behar izan ebezan lasaitasunaren gola sartzeko. Erasoko jokoan ederto ibiliteaz ganera, bilbotarrek ez eutsien aukera txikiena be emon Levanteri arriskua sortzeko Iraizozen ate aurrean. Bigarren zati osoan talde bakarra egon zan zelaian.

Azterketa gatxak jatorkoz Athletici hurrengo asteetan. Urteari amaiera emoteko, Celta, sailkapeneko laugarren sailkatua daukie zain Balaidosen. Aukera bikaina da ukabilkadea emoteko mahai ganean. San Mamesen Las Palmas hartu ondoren -derrigorrez irabazi beharreko partidua hori be- Sevilla, Vila-real, Bartzelona eta Vila-realen aurka lehiatuko dira zuri-gorriak. Ikararik, inori bez. Athleticek argi eta garbi erakutsi dau talde sendoa dala, ondo lehiatzen dakiena eta edozeinen aurka ganera. Entrenatzaileak hamaikako orekatua eta eraginkorra osatu dau baina horregaz batera, alternatiba erakargarriak ditu plantilan: Iturraspe, Boveda, Muniain, Rico, Lekue, Sabin eta abar.

Athleticeko hamar gizon dagoz Euskal Selekzinoaren deialdian Catalunyaren aurkako partiduan. Aurten be aukera bakarra gure selekzinoa ikusteko. Ganera, hasiera baten ez eukan itxura onegirik norgehiagokak, Liga txapelketako jardunaldia gain-gainean dagoalako. Zorionez, talde lehiakorra osatu dabe Amorrortuk eta Etxarrik. Edozelan be, min handia emoten dau euskal selekzinoa holan ikusteak. Urteak joan, urteak etorri, ez dogu aurrepausorik emoten. Partidu bakar batek ez dau gure gosea hasetzen. Jakina da, ofizialtasunerako bidea oztopoz beterik dagoala baina ezin dogu urtero bardin jarraitu. Zer edo zer egin behar da. Gabonetan partidu bat jokatuta ez goaz inora.

Besarkada handi bat Iñigo Otxoa, Athleticeko kadeteari, belaun bateko lotailuak apurtu eta errekuperatu ostean, beste belaunekoak hautsi ditu-eta. Eutsi goiari!!!