Síguenos en redes sociales:

Ondo baina biribildu barik

zAPORE gazi-gozoa itxi deusku Atletico de Madriden aurkako partiduak. Ernesto Valverderen taldea ondo lehiatu zan Manzanaresen eta egindako lan onak sariren bat merezi eban. Futbolean, baina, golek agintzen dabe eta Simeoneren taldeak Athleticek baino bat gehiago sartu eban, bilbotarrak baino hobea izan ez arren. Atletico de Madriden zelaian irabazteko partidu biribila jokatu behar da. Koltxoneroek ez dabe parkatzen eta horregaitik dagoz sailkapeneko buruan eta Txapeldunen Ligako final zortzirenetan. Athleticek ez ebazan baliatu bere aukerak eta garesti ordaindu ebazan huts-egiteak. Edozelan be, Ernesto Valverderen gizonek barriro erakutsi dabe talde sendoa osotzen dabela eta edozein aurkariri aurre egiteko gauza dirala.

Aspaldiko azterketarik gatxenari ekin eutsan Athleticek azken jardunaldian. Izan be, Atletico de Madriden zenbakiak ikaragarriak dira. Simeoneren taldeak lau puntu galdu ditu Vicente Calderonen, Bartzelonaren aurka galduta eta Real Madriden aurka bardinduta. Koltxoneroen atezainak zazpi gol baino ez dauz jaso hamabost partidutan. Aurkari gatxa eta deserosoa ezelango zalantza barik. Ernesto Valverdek, ostera, konplexu barik ekin eutsan partiduari. Sendotu egin eban erdialdea Eneko Boveda atzealdean sartu eta Oscar De Marcos aurreratuta eta taldeak ederto erantzun eutsan aurkariaren oldarraldiari. Hori gitxi balitz, zuri-gorriek markagailuan aurreratzea lortu eben Laporteri esker. Gauzak ederto joiazan lehen zatiaren hondarrean Atletico de Madridek bardinketaren gola sartu eban arte. Estrategiako jokaldietan lehen mailako talderik onenak lehiatu ziran domekan Calderonen.

Bigarren zatiaren lehen ordu laurenean gertakari erabakigarri bi azpimarratu behar dira: Aritz Adurizek aukera bikaina galdu eban bere taldearen bigarren gola sartzeko eta Ander Iturrraspek itxi egin behar izan eban zelaia abduktorean arazoak zitualako. Erdilariaren lesinoak kalte handia ekarri eutsan bere taldeari. Hortik aurrera, Athleticek galdu egin eban zelai erdia eta baloiaren jabetzea. Itxaron daigun Abadiñoko erdilariak ezer larririk ez izatea bere itzulerak asko emon deutso-eta taldearen jokoari. Gauzak okertzen hasita, Rico ez zan fin ibili baloi bat urruntzeko orduan area ertzean eta Griezmanek ez eban parkatu. Barriro dinot, Vicente Calderon bezalako estadioetan irabazteko dana egin behar dala ondo. Aurkariari ez jako aukera txikiena be emon behar eta ate aurrean ezin da parkatu. Kontuak kontu, Athleticek hiru partidu daroaz irabazi barik eta geratu egin dau sailkapenean eroian gorakadea. Edozelan be, Europako postuak puntu bira dagoz eta egoerea ez da askorik aldatu sailkapenari jagokonez.

Partidu berezia izan zan domekakoa Raul Garciarentzat. Gauza normala da. Baina alde emozionala alde batera itxita, Vicente Calderonen ikusi genduan Raul Garcia ez da ohiko jokalari oldarkorra eta borrokalaria izan. Benetan mantso ibili zan bere taldekide ohien aurka eta taldearen jokoari egin eutsan ekarpena oso eskasa izan zan. Eneko Boveda jarriko neuke txanponaren beste aldean. Durangokoak bikain erantzun eutsan entrenatzaileak beregan jarritako konfiantzari.

Erakargarria izango da Olympique Marseillaren aurkako kanporaketea. Michel eta Rafal Alkortaren taldea ez da aurkari erraza izango baina Athletic faborito da aurrera egiteko, talde hobea dalako eta bigarren partidua San Mamesen jokatuko dalako.

Zorionik beroena emakumezkoen taldeari, bederatzigarren garaipena erreskadan lortu eta ohorezko mailako lidertzan jarri diralako. Eta bultzada handi bat Zigandaren mutikoei. Bizirik dagoz eta zulotik urtengo dabe.