Eskarmentua
OSPE handiko politikari bati elkarrizketa egin behar ziola eta, galderak tentu handiz prestatu zituen kazetariak. Bere aurrean jarri orduko ekin zion itaunak egiteari, eta labur erantzun beharrarekin estutuko zuela agindu zion. “Bi hitz erabilita, esadazu zein izan da zure arrakastaren gakoa?”. “Bi hitzetan?: erabaki zuzenak”, erantzun zion urliak. Erantzunari punta zorroztu aldera, kazetari abila berriro: “Eta hitz bakar batez, zelan adieraziko zenuke erabaki zuzenak hartzeko zure teknika?”. “Hitz bakar batez? Esperien-tziaz”, elkarrizketatuaren erantzuna, eskatu bezala, kolpe bat bezain bat-batekoa. Eta harrapakari tematiaren azken txandan, piku eginez: “Eta hiru hitzetan, nola lortu duzu esperientzia?”. “Hori errazagoa da: Erabaki okerretatik ikasita”.
Inkesten arabera, Espainiako Gortetako hauteskundean botoa emateko deituta dauden hamar herritarretatik ia 4k ez dute oraindik bere bozka erabaki; bestela esanda, erabakia hartuta daukaten sei horiek ba omen dakite noren alde jokatuko duten. Kontua da, ordea, hamarretatik bakar batek ere ez dakiela zuzena ala okerra ote den egindako hautua. Eta atzera bueltarik ez dagoen unera arte ez dute jakingo. Joko maltzurra, inondik ere.
Ez dut uste proportzio hori oso bestelakoa denik gurean. Madrilgo Gorteetako hautets-deia deserosoa da berez hara joan nahi duten euskal indar politikoentzat, etxean eta auzoan begi bana jartzeak estropezu egiteko aukerak biderkatu egiten dituelako, ezinbestean. Partida bakarrean bi karta-sorta desberdin batera erabiltzea nekosoa da oso, eta maiz, arriskutsua. Hortaz, alderdi politikoek ere aukeratu egin behar izango dute, boto-emaileen antzera, erabakia zuzena ala okerra izango ote den aldez aurretik jakin gabe. Eskarmentuz.
Hautatzea, alta, ez da hautazkoa, domekan etxean geratzea ere erabaki-tzeko modu bat delako. Agnes de Milles dantzari estatubatuarrak esan ohi zuen berak ez zuela sekula tronpeta hotsik entzun erabaki zuzenak hartu zituen unean, eta beraz, destinoa, patua, isilik adierazten dela ondorioztatu zuen. Isil-isilik egosten ari da etorkizuna, ziurgabetasunaren saldan.