Síguenos en redes sociales:

Hiru puntu eta baloi bat baino gehiago

Hiru puntu eta baloi bat baino gehiago

Hiru puntugaz eta baloi bategaz itzuli da Athletic Bilbora Vallecasetik. Horixe esan eban Mikel San Josek sare sozialetan partidua amaitu ostean. Rayoren zelaian eskuratutako garaipenak balio itzela euki arren -taldeak puntu batera ditu Europa Leagueko postuak eta lau puntura Txapeldunen Ligako laugarren postua- Vallecaseko partiduak lasaitu egin gaitu, Granadako porrot mingarriak sortutako zalantzak uxatuta. Los Carmenesen gertatutakoa istripu bat izan zan eta Athletic onena itzuli da. Olatu ganetik jausi ostean, Valverderen gizonek ez dabe denbora askorik behar izan beste olatu baten lepo ganera igoteko. Ia luzaroan mantentzen diran bertan.

Athleticeko entrenatzaileak gorriz markatu zituen Ausburg eta Rayo Vallecanoren aurkako partiduak. Granadako partidutik ikututa urten ostean, Valverdek lehenbailehen osatu gura eban zauria eta horretarako modurik onena hurrengo partiduak irabaztea zan. Eta Athleticek bete egin dau helburua. Alemaniako partidua azken minutuetan konpondu baeban, Vallecasen zuri-gorrien lehen minututik erakutsi eben garaipena gura ebela. Horretarako, baina, gogoa ez da nahikoa eta ezinbestekoa da zorrotz agertzea aurrealdean eta sendo atzealdean. Horixe bera egin eban Athleticek Vallecasen: gol aukerak baliatu eta aurkaria lotu. Tarteka, Paco Jemezen taldeak jostailu bat emoten eban zuri-gorrien oinetan.

Ernesto Valverdek inork baino hobeto daki ze garrantzitsua dan Aritz Aduriz talde honetan. Behin eta barriro esaten gabilz donostiarra sasoi betean dagoala, partiduz partidu horixe erakusten deuskulako. Vallecasen sartu ebazan golak zein baino zein bikainagoa izan zan. Lehenengoa ezkerrez, bigarrena eskumaz eta hirugarrena buruz. Ezin jako gehiago eskatu. Aritz Adurizen distira beste guztien ganetik badago be, azpimarratzekoa da barriro be Beñaten, Raul Garciaren edo Iñaki Williamsen lana, atzealdeko laukotearen sendotasuna ahaztu barik.

Ernesto Valverdek apurtu egin eban azken liga jardunaldietan erabilitako hamaikakoa eta hasieratik zelairatu zituen Ander Iturraspe eta Iñigo Lekue. Abadiñokoak lan itzela egin eban Ausburgen eta ondo merezitako saria jaso eban aste luzeak jokatu ezinda egon ostean. Burukomin gozoa eukiko dau Ernesto Valverdek erdialdea osatzeko. Lekue gaztea titular izan zan aspaldiko partez eta ondo erantzun eutsan entrenatzaileak emandako konfiantzari. Ezin amaitu Vallecasen jokatutako partiduaren ganeko aipamena, bertaraino joan ziran Athletic zaleen jarrera itzela goraipatu barik. “San Mames emoten eban” esan eban Aritz Adurizek partidua amaitu ostean. Harro egoteko moduko zalegoa dogu.

Azpimarratzekoa da bestalde, talde zuri-gorriaren sasoi fisiko bikaina. Ernesto Valverderen gizonek 24 partidu ofizial jokatu ditue denboraldia hasi zanetik -Eibarrek edo Realak, adibidez, 13 jokatu ditue- eta sasoi betean dagoz. Ea noizko errekuperatzen dan Iker Muniain. Nafarra berragertzeko zorian egon da baina ez dau zorterik izan gainkargak dirala-eta. Oso gogorra da hainbeste hilabete jokatu barik egotea. Badira Lezaman Muniain baino bide gogorragoa beteten dabilzan jokalariak. Animo Matias Lizarazuri, Ander Dulceri edo Saioa Gonzalezi, batzuk aita- tzearren.

Animo guztiak Bilbao Athleticentzat. Euria atertuko da eta ondo egindako lanak saria jasoko dau. Eta ezin amaitu Mikel Urrutikoetxea zoriondu barik. Irujo eta biek final itzela eskaini euskuen Bizkaia pelotalekuan. Aupa Urruti!!!