ETENIK ez duen eta ohiko bihurtzen ari den gaitza da, horrenbeste non ia ez gaituen aztoratzen behar beste. Emakumeen aurkako indarkeria da, familian, lanean, lagunartean, jaietan eta abar emakumea izateagatik, ez beste ezergatik, jazotzen dena. Nagusikeriazko jarrera baten emaitza da, orbaina... eta indarkeria mota hori pairatu dutenek, bizi guztian zehar eraman behar izaten dituzte aldean jasandakoek eragindakoak.

Gertaerei larritasuna kentzeko edo, lehenago halakorik gertatzen zela baieztatzen duenik egongo da. Alabaina, horrek ez du arintzen halako ekintzen larritasuna, ez eta beste aldera begiratzeko, edo garrantzia kenduz, txantxak balira hartzeko batzuok eduki dezakegun jarrera ere -esate baterako jaietan gertatzen diren gehiegikerien aurrean-. Inoren larruan jartzea da onena halakoak broman hartzeko modukoak ez direla ohartzeko.

Europan ehun miloi emakumek sexu jazarpena jasan zuten, Europako Batasunak 2014. urtean egin zuen ikerketaren arabera... eta munduan, mila miloi emakumek eraso fisikoak edota sexualak nozitu zituzten. Kopuruak lazgarriak dira, edonondik begiratuta, egoeraren larria erakusten dutenak. Bikotekideek eragindako kasuen %30 dira... eta katea horretan hil dituztenen kopurua gora doakigu etengabe. Zer dela-eta iltzatzen ari da egoera hau? Beharbada, ez dugulako behar beste eragiten hezkuntzan, familia-giroan, bai eta gizartean ere. Akaso, bikotekidearen aldetik askotariko erasoak pairatzen dituzten emakumeek mendetasunezko egoera hori alboratzeko eta bestelako bizimoduari ekiteko, erraztasunak ez dituztelako aurkitzen; ekonomikoki egoera zaurgarrian daudelako; ez dutelako nahikoa babes, hurbiltasunik, ez eta laguntzarik topa-tzen ingurukoengandik... esamesen iturri bihurtu eta zerbait gaizki egin balute, errudun sentiarazten ditugulako. Hainbat emakumek frakasatu izana barruratzen dute. Izatekotan, geuk huts egin dugunean, diegunean. Nago kontzientziak astindu nahi dituzten sentiberatze kanpainak ez direla nahikoa, labur geratzen direla. Halakoen aurrean, adin-talde guztietan, errefusa nagusitzen joatea da bidea; jarrera ulerkor oro gaitzesteko bideak asma-tzea da kontua, inork albora begiratu ez dezan; erasotzaileek gizartearen gaitzespen osoa dutela ikusaraztea da gakoa... eta kalbarioa jasaten ari direnei, hortik irteteko erraztasunak ematea, laguntzak, bizitokia eta lanlekua eskainiz, bizitza berregiteko, irribarrea aurpegira bueltatzeko makulu berriak ziurtatuz.