bOLO-bolo dabil egunotan diskoteka batean antolatutako ikuskizun porno bati buruzko albistea. Adin txikikoak bertan egon ziren edo ez ari dira ikertzen. Eta honen harira, aspaldian dudan kezka bat etorri zait berriz burura, gure gazteak ze sexu eredu ari diren ikasten, hain zuzen ere.
Argi dago gaur egun gazteek interneteko bideoen bitartez ikasten dutela sexuaren inguruko guztia: zer egin behar den, zer espero duten zutaz neska bazara, zer mutila bazara? Sexu harremanak pornoaren bitartez ikasten ari dira gure gazteak, eta indarrean dagoen porno ereduak argi irakasten die nor dagoen noren zerbitzura, nork agintzen duen harremanean, nor den objektu eta nor den subjektu. Sexu eredu honek neskei agintzen die nola depilatu behar diren, nola alu inguruan ilea izatea ia zikina izatearen sinonimoa den. Eredu honek, iruditzen zait, neska asko behartzen dituela berez egiteko gogorik ez daukaten zenbait gauza egitera. Sexu eredu honek indarkeriazko keinutan oinarritutako harreman eredu bat saltzen digu. Azken batean, egun indarrean dagoen eta nagusi den pornoaren bitartez sexu harremanak ikasteak berarekin dakar gizartean indarrean dagoen indarkeria, matxismo, sexismo eta abar luze bat dijeritzea eta ondoren praktikan jartzea. Pentsamolde guzti horiek iraunaraztea.
Egunotan zenbait guraso kezkatuta daude, euren adin txikiko seme-alabek porno ikuskizun bat ikusi omen dutelako zuzenean asteburuan. Guraso hauek pentsatu beharko lukete euren seme-alabek patrikan daramaten telefonoan jada ikusi dituztela halako zientoka irudi, halako zientoka bideo. Eta arazoa ez da gazteek sexu praktikak ikustea, arazoa da zein motatako harremanak saltzen diren ikusten dituzten bideo pornografiko horietan. Beste behin ere, gizonek pentsatutako eredu bat, gizonentzat, indarkeria dosi handi batekin, eta emakumea gozamenerako tresna soil bezala saltzen dutenak, besteak beste.