Síguenos en redes sociales:

Gorantz abiatu ezinik

Gorantz abiatu ezinik

GORANZKO bideari sendo ekin ezinik dabil Athletic. Aurrepausu bat emoteko ordua zela esaten genduan Riazorren jokatu aurretik eta Ernesto Valverderen taldea bide erdian geratu dela esan geinke. Zuri-gorriak garaipena eskura-tzeko zorian egon ziren baina ezinean ibili ziren aurkariaren azken orduko oldarraldiari eusteko. Etxetik kanpo puntu bat eskura-tzea beti ona bada be, argi eta garbi esan geinke Valverderen gizonek aukera bikaina alperrik galdu ebela lehenengo garaipena eskuratzeko etxetik kanpo.Valentziaren aurka San Mamesen jokatutako partidua garrantzitsua bazen, Riazorreko hiru puntuek be balio itzela euken. Valverdek badaki taldea ez dagoela bape eroso sailkapeneko behekaldean eta lehenbailehen urten gura dau zulotik. Etxetik kanpo lehenengo garaipena eskuratzea inflexio puntua izango zen zuri-gorrientzako eta entrenatzaileak hamaikakorik indartsuena zelairatu zuen Riazorren. Partiduaren bila urten eben zuri-gorriek baina zorroztasun barik aurkariaren ate aurrean. Deportivo hurreratu be ez zan egiten Iraizozen ate ingurura. Egoera horretan heldu zen Iñaki Williamsen gola atsedenaldirako ordu lauren faltan. Futbolean sarritan jazoten den lez, golak bizitu egin eban galtzailearen jokoa eta markagailuan aurreratu zen taldea sufritzen hasi zen. Izerdi asko botata heldu ziren atsedenaldira Valverderen gizonak.Bigarren zatian Athletic sendo ibili zen aldeari eusteko ahaleginean. Hori gutxi balitz, urrats garrantzitsua emon eban garaipena eskuratzeko bidean, Raul Garciak hasi eta Aritz Adurizek amaitu eban jokaldi bikainagaz. Denboraldiko etxetik kanpoko lehenengo garaipena esku-eskuan egoala emoten ebanean gauza bi jazo ziren alde batera: Deportivok ez eban amore emon eta Athleticen egitura defentsiboa arrakalatu egin zen goitik behera, Lucas Perezek galiziarraren lehenengo gola sartu ostean batez be.Etxeko taldeak gorputz eta arima ipintea gauza lojikoa bada be, kezkagarria da benetan Athleticek erakutsitako ahulezia partiduaren azken zatian. Deportivoko entrenatzaileak erasoko jokoaren aldeko apustu sutsua egin eban punturen bat eskuratzeko asmoagaz eta Ernesto Valverderen gizonak ez ziran galiziarren ekinari aurre egiteko gauza izan. Athleticeko entrenatzaileak partidua amaitu ostean laburtu eban lez, Deportivok ondo merezita bardindu eban norgehiagoka, bardinketea zelan etorri zan mingarria izan arren zuri-gorrientzat.Kontuak kontu, zortzi jardunaldi jokatuta goranzko jauzia emon ezinik jarraitzen dau Athleticek. Eibar edo Vila-realen baino irudi hobea emon arren, Riazorren jokatutako partiduak argi erakutsi dau Valverderen taldeak gauza asko dituela hobetzeko. Egia da, bai, balorazinoak emaitzaren araberakoak izaten dirala beti eta partidua amaitzear egoala jasotako golak aldatu egin dauela Riazorren jokatutako lehiaren irakurketea. Partidu osteko hausnarketakaz jarraituta, De Marcosek esandakoa egi biribila da: “etxetik kanpo bardindu eta etxean irabazi ezkero seguru sailkatuko garala seigarren postuan”. Horretarako, baina, irabazi egin behar dira etxeko partiduak.Liga txapelketea alde batera itxi eta Europa Leagueko partidua jokatuko dau Athleticek Beograden. Ez dabil fin Partizan eta entrenatzailea be aldatu dabe. Dana dala, A Coruñako partiduko azken txanpan baino askoz sendoago jokatu beharko dabe zuri-gorriek. Partidu gogorra baino gogorragoa izango da, zalantza barik. Amaitzeko, Aitzol Atutxa ikusi gurako neuke San Mamesen ohorezko sakea egiten. Dimako aizkolariak bigarrenez irabazi dau Euskal Herriko aizkora txapelketea eta merezidu dau. Are gehiago Athleticeko bazkide eta zale sutsua izanda. Aupa Atutxa!!!