GEROZ eta sarriago entzuten dugu jaiotze-tasa baxuaren ondorioz, etorkizunean erretiroa hartuko duten pertsonak ordezteko, bai eta gure ekonomia-ehunak beharko dituen langileak izateko ere, arazoak izan ditzakegula. Era berean, gizartea zahartuz joan ahala, baliabide are gehiago bideratu beharko dira adinekoak zaintzera eta adinarekin loturiko osasun gaitzei erantzutera ere. Nolanahi ere, jaiotze-tasaren bilakaera horrek bestelako ondorioak ere ekar ditzake, bereziki hezkun-tza sisteman.
Batetik, hamarkadetan, Ipar eta Hego Euskal Herrian eraiki den hezkuntza sarea egoera berrira egokitzeko ahalegina egin beharko da, ikastetxeen mapa berrikusiz eta egoera berrira egokituz; bestetik, datozen hamar urteetan hezkuntzan lanean arituriko profesional askok erretiroa hartuko du. Ondorioz, halako lanetan jardungo dutenen sarrera eta irteera profilak berrikusi beharko dira, beharrizan berrietarako profesionalak prestatzeko asmoz, eskola, unibertsitate eta administrazioen artean lankidetza bideak finkatuz.
Lehia eta tentsioak ez dira faltako, toki batetik zein bestetik, urteetan eraikitako sareei eutsi nahiko zaielako... baina egokitzea ezinbestekoa izango da, baliabideak eragingarriago berrerabiltzeko... eta testuinguru hori hurreratzean, sare bakoitzaren iraganeko ezaugarriak bizirauteko baliatzea ez dira nahikoa izango. Zenbait helduleku -esate baterako, euskalduntasuna, euskal kulturarekiko atxikimendua eta berrikuntzan aitzindari izatea- ez direlako egun sare soil batekin lotu daitezkeenak. Halaber, sare guztietan daude ondo ari diren eta emaitza onak ematen dituzten eskolak, irakatsi dezaketenak, bai eta bestelakoak ere. Ondorioz, kalitatea, emaitzak eta abar ez dira sare bakar batekin oro har lotu daitezkeen parametroak baizik ikastetxe bakoitzaren jardun zehatzarekin.
XXI. menderako hezkuntza-sareaz berba egitean, iraganeko ajeak astindu eta, aurreiritzirik gabe, biharko Euskal Herriak beharko lukeen hezkuntza-sareaz hitz egiteari ekingo nioke. Frantziatik eta Espainiatik jasotako eredutik aldendu eta eredu propioa, autonomoa, autoeratua, hurbilekoa, askotarikoa den gizarteari irekia, jabetza partekatua barrura-tzen eta hezkuntza-erkidegoaren eskusar-tzea bilatzen dituena. Hezkuntza-eredu berrituak familien, profesionalen, herri-erakundeen zein enpresen erantzukizuna eta inplikazioa bilatu beharko ditu, arrakasta handiagoa duten eremuetako herrialdeekin bat egiteko urratsak egingo baditu. Bestela, atzean geratzeko arriskua izango dugu eta.
Eztabaida horixe izan beharko luke, nire uste apalean. Aldentzen eta batzen ez gaituzten, eta politikoki erabat lerratuak diren, ereduetan indarra galtzen ibili beharrean.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">