URTEEKIN konturatu naiz pozez betetzen nauen gauzetako bat ikastea dela, zerbait ikasi izanaren sentsazioak poz handia ematen dit. Baina ikastea, kasu askotan, aurretik ikasitakotik urruntzea da, aurretik ikasitakoa ahaztea eta leku egitea datorren berriari. Izan ere, jaiotzen garenetik ikasketa prozesu bizkor eta geldiezin batean sartzen gara eta konturatu garenerako kortse bat daukagu jarrita, kortse kultural bat, gure gaitasun sortzaileak mugatzen dituena. Denok berdinak bagina bezala, ibilbide bera jarraitu behar izaten dugu ikasketetan, honek askotan gure potentziala murriztu eta gure imajinatzeko ahalmena itotzen duela konturatu gabe. Denak berdinak eta modu konkretu batekoak izateko gara heziak eta horregatik diot, behin adin batera helduta, ikasketa prozesua aurretik ikasitako gauza asko gainetik ken-tzean datzala, lekua utzi ahal izateko mundua modu berri batez ikusteko aukera emango digun ikuspuntuari.
Gure munduan gertatzen den edozeri buruzko iritzia eman baino lehen, ikasitako asko ahaztu beharko genuke, atzera pauso bat eman (perspektiba irabazteko) eta errealitatearen azterketa zenbait kortse kenduta egin. Greziarekin gertatzen ari dena adibide garbi bat da. Ikasi dugun (erakutsi diguten) logika kapitalista eta merkantilista huts batetik begiratzen diogu Greziari, horrela azaldu digute Greziak Europarekin duen harremana. Ikasitako asko kendu beharko genuke gainetik, bankuen logika honetatik ihes egin eta logika berri batekin begiratu munduari. Pertsonak erdigunean jartzen dituen logika bat, pertsonen ongizatea eta eskubideak lehentasun dituen logika bat. Teorian erraza ematen du, baina Greziarekin ikusten ari garenez, praktikan oso zaila da eta bidean zailtasun asko agertzen dira, batez ere oso etsai boteretsuak dituelako logika demokratiko honek.