Neuronak
NeUROFISIOLOGOEN esanetan, gizakien burmuina hain da konplexua ehunka urte beharko direla gutxienez haren funtzionamendua modu sakonean ezagutu ahal izateko. Diotenez, ez dago munduan ordenagailu sarerik zerebroko zelula batek duen funtzionatzeko modua simulatu dezakeenik. Gizaki baten burmuinak 180.000 eta 200.000 milioi neurona omen ditu, eta hauetako bakoitzak 5.000 eta 10.000 konexio posible. Pertsona baten zelula nerbioso guztiak errenkadan jarriz gero 400.000 kilometroko luzera izango luketela diote. Gezurra dirudi. Ezinezkoa da hau egia dela sinestea batzuek esan eta egiten dutena kontuan hartuz. Hainbeste neurona, hainbesteko konexio, zertarako eta Granadako alkateak bezala, emakumeak gero eta biluziago, gero eta eleganteago daudela esateko.
Neurofisiologoek nahi dutena esango dute, baina gure burmuinaren konplexutasunak batzuetan jai har-tzen duela ere onartu beharko dugu. Bestela nola ulertu, munduko lehen mailako tenislari bati, Victoria Azarenka bielorrusiarrari, kazetari profesional batek Wimblendomeko prentsa aretoan zer eta Serena Williamsen kontra jokatutako partidaren gogortasunari buruz edo erabilitako taktikei buruz edo tenisarekin zerikusia duen ezeri buruz galdetu beharrean, jokatu bitartean botatako hasperen ozenei buruz galdetu izana. Azarenkari neuronen arteko konexioek ondo funtzionatu zioten eta halako galderez aspertuta dagoela erantzun zion kazetariari, gizonek ere oihu eta hasperen egiten dutela jokatu bitartean, eta inork ez diela horretaz galdetzen, euren jokoari buruz baizik.
Neurofisiologoek nahi dutena esango dute, baina neuronak buru batzuetan lokartuta edo mozkortuta edo stand by moduan daude, bestela nola ulertu norbaitek Sunburn Art delakoa modan jarri nahi izatea? Hau da, eguzkiarekin azala erretzea bertan marrazki ezberdinak sortzeko. Non daude neurona guzti horiek, oporretan?