Zama astunegia pilatuta
Liga txapelketako lehen itzulian gertatutakoa alde batera utzi eta zerotik hasi nahi zuen Ernesto Valverdek bigarren itzulia. Horretarako, baina, Athleticek irabazi egin behar zion Malagari San Mamesen eta zuri-gorriak ez dira gauza izan garaipena eskuratzeko. Ezin dira atera dinamika negatibotik. Zama astunegia pilatu dute lehen itzulian eta aldats gora ari dira jokatzen. “Hau da dagoena” esan zuen Valverdek Malagaren aurkako partiduaren ostean. Behiak ez du esne gehiago ematen. Alde positiboren bat azpimarratu guran, entrenatzaileak gogoratu zuen taldeak lehen itzulian baino puntu bat gehiago duela. Eskerrak sailkapeneko behealdeko ia talde guztiek ez zutela garaipenik eskuratu.
Ernesto Valverdek garrantzi handia eman zion Malagaren aurkako ligako partiduari. Liga txapelketara begira, taldeak apurtu egin behar zuen aurreko sei jardunaldietako bolada txarra. Horretaz gain, kopa txapelketako final aurrekoetara txartela erabakiko da talde bien artean datorren ostegunean San Mamesen eta Athleticek ezinbestekoa du garaipena Malaga kanporatzeko. Athleticeko jokalariek gorputz eta arima jarri zuten zelai gainean eta presio itogarria egin zuten lehen zati osoan. Erasora begira, ostera, ekina ez da nahikoa eta baloiaren jabetza izan arren, Aduriz eta enparauek ez zuten arriskurik sortu Kameniren ate aurrean.
Bigarren zatian gauzak ez ziran aldatu Mikel San Josek gola sartu zuen arte. Atarrabiakoak piztu egin zuen San Mames eta itxaropen izpi bat ekarri zuen zaleen artera. Emaitza horrekin Athletic urrundu egiten zen sailkapeneko zulotik eta kolpe erantsia ematen zion aurkariari kopa txapelketako itzulerako partidura begira. Zortzi minutu eduki genituen ametsetan hasteko. Valverderen taldea ez zen gauza izan hainbeste kostatako gola defenditzeko eta Javi Graciaren gizonek berdinketaren gola sartu zuten ahalegin askorik egin barik. Ezina eta etsipena.
Malagaren aurkako partiduak berriz utzi ditu agerian Athleticen ahuleziak eta mugak. Erasora begira, zuri-gorriek arazo itzela dute arriskua sortzeko aurkariaren atean. Ibai, Susaeta, Viguera edo Muniainek ez diote buruko min txikiena ere sortzen aurkariaren atzealdeari eta Adurizen etengabeko ahalegina ez da nahikoa golak sartzeko. Zuri-gorrien ekinak, baina, aurretik jarri zituen markagailuan. Hogei minutu geratzen ziren. Zoritxarrez, Athleticen arazoak ez dira erasora mugatzen. Valverderen taldearen egitura defentsiboa ez da sendoa Malagaren berdinketaren golak garbi erakutsi zuen moduan. Baloi bat galdu zelai erdian, Laportek lekua galdu aurrelariaren bila urtenda, Viguerak alfonbra gorria ipini berak zaindu behar zuen lateralari eta Javi Guerrak bakar bakarrik errematatu bigarren zutoinean, Juanmi taldekidea ere bakar bakarrik zela. Athleticen egoeran dagoen talde batek ezin du horren bigun jokatu.
Ligako partiduan gertatutakoa ikusita, egia esateko ez da erraza baikor egotea Kopako kanporaketara begira. Nolanahi ere, sari itzela dago jokoan osteguneko lehian eta Athletic makal badabil ere, Malaga ere antzera dabil. Hasteko, itxaron dezagun zaleriak domekan baino gehiago laguntzea taldeari. Ez zen ia txisturik entzun baina isiltasun uneak ikaragarriak izan ziren. Kopako final aurrekoetarako txartela dago jokoan eta San Mamesek egun handietako giro beroa berreskuratu behar du. Muniain itzuliko da taldera eta ea nafarrak pizgarri lanak egiten dituen. Athleticek inoiz baino gehiago behar du. Daukaguna daukagu, bai, eta daukagunarekin egin behar dugu aurrera, 117 urtetan egin dugun legez.