NORBERAREN burkoa gauza garrantzitsua. Nire adiskide batek ezin du begirik bildu ez bada beti aldean daraman bere burkoarekin. Honezkero bere buruaren neurri zehatzera eginda dago, eta bere gorputzaren luzapen ia naturala dela esaten du. Egun parerako bidaiatzen duenean ere, maleta handia eramaten du, ditxosozko burkoa barruan, alferrik ahaleginduko baita haren gainean ez bada. Izango zuen nire adiskideak zaputzaren bat, diot nik; saiatuko zen noizbait berea ez den burkoarekin lo egiten, baina ezinak harrapatuko zuen. Imajinatu dezaket, ohean alde batera eta bestera bueltaka, lozorroa engainatu nahi eta ezinda, artega. Denbora luzeegi joaten da loak ihes egiten dizunean. Horregatik, nire adiskideak bere burkoa eramaten du beti berarekin, ohituraz, ezinbestez edo gauza eta egoera berrietara egokitzeko ezinez.

Neurri baten bederen, gauza bera gertatzen zaigu guztioi geure sinesmenetako batzuekin. Beti aldean darama-tzagu geure luzapena naturala bihur-tzeraino, eta uste horien gainean da-tza gure deskantsua, eroso eta goxo sentiarazten gaituen lozorro moduko hori. Horiek gabe, maiz ustelak diren uste horiek gabe, luzeegi joaten zaigu denbora, artega.

Egunkariak behatzen ditugu, eta lerro-buruen gainean etzan egiten gara, ulertzeko baino, aldez aurretik ustez dakiguna baieztatzeko. Grezian haserreak irabazi duela uste izango du hango berririk batere izan gabe ere, haserre dagoenak eta pozik esango dizu bera ere garaile izan dela. Greziako arazo guztien iturburua Europa gaiztoa dela esango dizu Europa gaiztoarengan munduko gaitz guztien iturburu ikusten duenak, eta kalapita iragarriko dizu. Herriaren garaipena aldarrikatu du ezkerrak, ezkerrak irabazi duelako. Eskuinak enbatari nola edo hala eutsi diola esango du eskuinak, nola edo hala eutsi egingo diolako.

Burko berriak probatzeko une egokia litzateke hau. Ohe bananduetan eroso egiten da lo, egia da, baina elkarren ondoan lo egin eta gero, errazago ulertzen dira ondokoaren amesgaiztoak. Ohiturak aldatu beharko ditugu, bada, ezinbestez.