EZ dakit zein egunetan gertatu zaidan, baina aste honetan edo izan dela uste dut. Zapping gogaigarri batean murgildurik nenbilen, eta hara non Dragoi Bola marrazki bizidunak saila topatzen dudan. Aitortu behar dut: Euskal Telebistara Akira Toriyamak idatzi eta marrazturiko Dragoi Bola komiki japoniarra bezalako marrazkiak heldu zirenean, neu ikusle porrokatu bilakatu nintzen, eta ahal nuenean ikusten nituen Son Goku, Krilin eta enparauak muturreko botereak eskuratuta, zer-nolako arte martzialezko borroka ahaltsuak egiten zituzten Satan Bihotz Txiki, Vegeta, Freezer, Cell eta musker itxurako mutante haien kontra, bola miragarriak eskuratu nahian; izan ere, Shenron dragoiak 7 Dragoi Bolak biltzen dituenaren edozein gurari betearaziko zuen.
Bada, aste honetan, garai haietako lilura bitxia jasotzeko asmoz minutu batzuk eskaini nahi izan nizkion atal horri, eta begiak zabal zabalik gelditu zitzaizkidan; edo nire euskara ez zen horiek mintzatzen zirena eta gor nengoen, edota hura frantsesa zen!!! Eta bai, belarria findu nuen, eta frantsesez ari ziren marrazki bizidun horietako pertsonaiak. Arranopola!
Ez da zapping egiten atzeman dudan anomalia bakarra. Beste inoiz, Shin Chan, Sinosuke Nohara ume txiki, buruhandi, bihurri eta ipurdi-erakuslearekin ere gertatu zait. Horietan, ama, aita eta umea japonieraz ari ziren. Eta gauza bera Doraemon famatuarekin.
Beraz, EITBn, hizkuntza-aniztasun galanta dugu: japoniera, frantsesa, ingelesa, gaztelania eta euskara.
Halarik ere ezin asko kexatu, txarrago dute ikusleek Nafarroara heltzen den telebistarekin. Bertako umeek ezin dute euskarazko marrazki bizidunik ikusi, eta ezinbestean gaztelaniazko ereduak jasotzen dituzte, eta aparteko ahalegina egin behar da internet erabilita bertako umeek marrazkiak euskaraz goza ditzaten. Izan ere, Nafarroako Gobernua behin eta berriro saiatzen da euskarazko komunikabideei trabak jartzen, eta ETB1 eta ETB2 kateak sistema analogikoan baino ezin dira ikusi. Nafarroan betiko legez, euskarari muzin eginez dabiltza.