bORONDATETIK eta politikoki zuzena izatetik harago, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean genero berdinketa emango da, Miribillako Bilbao Arenako oholtzan. Lau emakumezko, Iratxe, Oihana, Onintza eta Jone, eta beste hainbeste gizaseme, Arkaitz, Etxahun, Fredi eta Xabat. Diskriminazio positiboa erabiltzerik ere ez da behar izan, kasu honetan, hainbeste hika mika, batetik, eta arau hauste, bestetik, ematen den gai horretan. Sailkapenez sailkapen, oholtzatik oholtzara, bertsoak kantatuz puntuak pilatu eta bi urteoro jokoan jartzen den txapelaren bila abiatuko dira lau neskak. Ez die, beraz, inork ezer oparitu. Urriaren 10ean Galdakaon hasi eta abenduan 6ean Amorebieta Etxanoraino jokatu diren zortzi saioetan, zortzi hoberenen artean kokatzeko gai izan diren neska hauek duintasun osoz lehiatuko dira txapel preziatu horren bila. Bada, jadanik, mendebaleneko sariketa honetako historian txertatua denik ere. Ibarra markinarrak, 20 urtetik gora daroa hutsik egin gabe eta, gehienetan, finalera iritsiz. Bada, Xabat lekeitiarra bezala, lehenbizikoz arituko dena, irrikan dauden zaleen aurrean eta bi urteko muga horretako Bizkaiko bertsolari onena izendatzeaz gain, herrialde honetan beste edozeinek baino plaza gehiago egiteko aukera ematen duen titulu horren bila. Bilbao Arenako oholtzara igoko den lau gehi lauko honek ematen du giza azterketa egiteko gairik ere. Gehiengoa filologoek eraman arren, ba dira irakasleak edota Farmazian edo Matematikan lizentziatuak ere. Errimatzaile artista izateko ez da, beraz, ikasketa ofizial bereizirik. Jatorria edo bizilekua ere, anitza. Ba dira hiri edo herri handietan sortu, hazi eta hezi direnak, Bilbo, Algorta edo Galdakao edo baserri edo arrantzale gunekoak; Ariatza, Markina, Lekeitio edo Larrabetzu, kasurako. Egun daramaten ogibideak berdintzen ditu maila handi baten. Bertso eskoletan irakasle aritu direlako gehienak, baina Madrileko Parlamentuan aritu denik ere ba dago. Denak ala denak, igandean, Miribillako Arenara, hainbat milaka zaleren aurrean lehiatzera.