Síguenos en redes sociales:

Zortzi egun

eguraldia aldaketa nabarmena igarriko dogu gaurtik aurrera. Iraileko eta urriko eguzkia eta beroa desagertu eta euria eta hotza nagusituko dira. San Mamesen ostera, aldaketa bestelakoa da. Iraileko eta urriko laino baltzak urrunduz doaz eta denboraldiko lehen eguzki printzak ikusten hasi dira. Hori guztia zortzi egunetan gertatu da. Izan be, Ernesto Valverderen taldeak azken jardunaldi bietan aurreko zortziretan baino puntu gehiago eskuratu ditu. Hori gitxi balitz, Athleticek hiru jardunaldi daroaz erreskadan galdu barik eta gol bakarra jaso dau Ligako azken hiru partiduetan. Apurka apurka, taldea badoa zulotik urtetzen eta antsietatearen aurkako borroka irabazten.

Puntuek balio berbera daukee liderraren aurka ala sailkapeneko zuloko talde baten aurka lehiatuta. Horregaz batera, puntuak gehitzeko orduan ez da kontuan hartzen garaipena ondo jokatuta ala txiripaz lortu den. Zuri-gorriek, baina, argi eta garbi eukeen Sevilla mendean hartzeko San Mamesen, Almerian baino askoz hobeto jokatu beharko ebela. Eta egia esateko, Valverderen gizonek ikuskizun ederra eskaini eben lehenengo zatian, Adurizek sartutako gol erabakigarria pizgarri lez erabilita. Etxeko taldeak mendean hartu eban Espainiako Ligako liderra eta markagailuan alde handiagoa izateko merituak eginda joan zen aldageletara. Bigarren zatian, ostera, Sevillak agindu eban San Mamesen. Dena dela, zuri-gorriek ondo lotu eben aurkaria eta Emeryren taldeak ez eban ia jaurti Iraizozen atera. Valverdek partidua amaitu ostean esan eban lez, Sevillaren aurka lortutako garaipenak kalkulaezineko balioa dauka, aurkariaren maila bikaina kontutan izanda.

San Mamesetik arnasa sakon hartuta eta pozez ganezka urten arren, garbi dago Valverderen taldeak asko daukala hobetzeko ondino. Defenditzeko orduan taldea gero eta hobeto dabil, hiru partidutan gol bakarra jaso izanak erakusten dauen lez. Ganera, Celtak, Almeriak eta Sevillak ez dabe arrisku handirik sortu. Erasoan, ostera, taldeak ahalegin itzelak egin behar dauz aurkariaren atea zulatzeko. Susaeta gero eta hobeto dabil, Adurizek min egiten jarraitzen dau baina Iker Muniainen ekarpena oso makala da, are gehiago taldeko izar nagusia dela kontutan izanda. Txantreakoak kontratu itzela sinatu dau Athleticegaz baina zelaian egiten dauenak ez dauka zerikusirik zelaitik kanpo daukan estatusagaz. Hori bai, San Mamesko zaleriak dana parkatzen deutso. Ez dot uste zaleek gauza bera egiten dabenik Ander Iturraspegaz. Sevillaren aurka tarte onak eta ez hain onak tartekatu zituan baina apurka apurka badoa bere maila berreskuratzen. Zaleriak, ostera, ez deutso huts txikiena be barka-tzen eta jokalaria babestu beharrean urduritu egiten dau. Horregaz batera, txalotzekoa da zaleriak taldeari emon eutson berotasuna Sevillak gehien sakatu ebanean.

Gaurko artikulu honetan ohorezko lekua merezidu dau Xabi Etxeitak. Zornotzako atzelariaren golak emon eutson garaipena taldeari Almerian eta bera izan zen jokalaririk onena Sevillaren aurkako partiduan. Atzelari sendoa da eta arnasa hartzeko astirik be ez deutso emoten aurkariari. Ganera, Valverdek azpimarratu dauen lez, oso konzentratuta dago beti. Une gogorrak bizi izan arren, Etxeitak ez dau etsi eta Athleticen titular izatera heldu da. Eredugarria benetan.

Sevillaren aurka lortutako garaipena alde batera itxi eta Txapeldunen Ligako partidua jokatuko dau bihar Athleticek Portoren aurka San Mamesen. Denboraldi hasierako krisia gainditu dabela berretsi gurako dabe Ernesto Valverderen gizonek. Domekakoa exijentzi handiko partidua izan zen eta entrenatzaileak asmatu egin beharko dau plantilea kudeatzeko orduan. Aduriz barik ganera. Guillermoren ordua heldu da.