Síguenos en redes sociales:

Lehentasunak

ATHLETICEKO jokalari izandako batek sarritan esan deust “eskerrak gure sasoian ez egoala telebistarik eta zaleek ez ebezan ikusten etxetik kanpo jokatzen genduzan partiduak, Andaluzia aldekoak batez be”. Joan zan zapatuan eskertuko genduan telebista seinale barik geratu izana, Almeria eta Athleticek jokatu eben partidu negargarria eta aspergarria pairatu barik geratuko ginen-eta. Ez dakit zenbat adjetibo erabili daitekezan aipatutako partidua definitzeko baina bat bera ere ez litzateke positiboa izango. Egun eguzkitsu baten arratsaldeko lauretan egin daitekezan gauzen zerrenda luzea bada be, Juegos del Mediterraneon jokatutako partidua ikusteak ez leuke lekurik izango.

Liga txapelketako bederatzigarren jardunaldiko partidua izugarri txarra izan bazen be, hiru puntuak eskuratu izanak irakurketa positiboa egiteko aukera emoten deusku. Egia da, bai, Athleticek maila makala baino makalagoa emon ebala aurkari eskas baten aurka. Baina zuri-gorriak dagozan moduan egonda, lehentasun nagusia hiru puntuak eskuratzea zen eta zorionez helburua bete egin dabe. Danok gurako genduan Athleticek ondo jokatuta lortzea garaipena baina, barriro dinot, abuztutik partidu bat irabazi barik egon den taldeari ezin jako beste munduko gauzarik eskatu.

Hiru puntuak eskuratu arren, danok argi daukagu -Ernesto Valverdegandik hasita- Almeriakoa ez dela bidea. Edozelan be, Franciscoren taldearen aurka lortutako garaipenak zama handi bat kendu deutse ganetik zuri-gorriei. Dakien moduan jokatzen izten ez deutsen zamaren zati handi bat. Izan be, ez da normala Athleticeko jokalariak pase bi josteko gauza ez izatea. Almeriako estadioan emoten eban baloiak erre egiten eutsela oinetan. Azken jardunaldiko partiduaren analisiagaz amaitu orduko, Xabi Etxeitaren lana nabarmendu gurako neuke. Zornotzako atzelariak urte gogorra bizi izan eban iaz, ia jokatzeko aukera barik. Oztopo guztien ganetik lanean jarraitu eta Etxeitak lekutxoa egin dau hasierako hamaikakoan. Hori gitxi balitz, entrenatzailearen laudorioak jaso ditu. Ondo merezitakoak guztiak. Eredugarria benetan Xabi Etxeitaren jarduna. Pozgarria baita Unai Bustinzaren debuta. Alebinetan, hamar urtegaz, hasi zen Lezaman eta lehen taldera heltzea albiste bikaina da Athleticentzat.

Almeriari irabazita arnasa sakon hartzeko aukera lortu arren, zuri-gorriek sailkapeneko behealdean jarraitzen dabe eta lehen mailako liderra dator domeka eguerdian San Mamesera. Partidu gatxa bezain erakargarria. Athleticek aukera polita dauka bolada txarra behin betiko atzean izteko. Horretarako, baina, astindu ederra emon beharko deutso bere jokoari. Bada garaia taldean galoiak daukezan jokalariak gurditik tiratzen hasteko. Plantilan diru gehien irabazten dauen jokalariak ezin dau amaitu partidua ezer egin barik eta aurretik ostikada bat emonda aurkari bateri baloi barik. Itxaropentsu nago Sevillaren aurkako partidura begira eta Portoren aurkako Txapeldunen Ligako partidura begira. Partidu biak San Mamesen jokatuko dira eta krisiari agur esateko aukera bikaina eskein-tzen deutsoe Ernesto Valverderen taldeari. Taldeak erantzun ona emoten ez badau, ostera, pentsatzen hasi beharko gara krisia ez dela kontu koiunturala eta aurten sufritu egingo dogula. Jokalariena da berba.

Athleticeko bazkidea da Euskal Herriko lehen mailako aizkora txapelketako irabazlea, Aitzol Atutxa. Txapel nagusia eskura-tzen dauen lehen bizkaitarra da Dimako aizkolaria. Merezidu dau ohorezko sakea egitea Athleticen partiduren baten San Mamesen. Zorionak Aitzol!!!