Zerotik hasita
Napoliren aurkako Txapeldunen Ligako kanporaketeagaz amaitu zan 2013-2014 denporaldia. Horixe esan eban Josean Lekue, Athleticeko medikuak Lezaman aurreko astean egin eban agerraldian. Sailkapeneko laugarren postuan amaitu ostean, zuri-gorriek Txapeldunen Ligako kanporaketea baino ez dabe buruan izan uda osoan. Talde italiarra kanporatu eta helburu nagusia bete ostean, Ernesto Valverderen taldea itxuraldatuta heldu da 2014-2015 denporaldiaren hasierara. Ganera, lehiaketak aurrera egin ahala, hoberantz barik, txarrerantz egin dau taldeak, Borisoven eta Santiago Bernabeun hondoa jo arte. Aste biko atsedenaldia ezin hobeto etorri jako Athletici, bere onera itzultzeko aukerea eskeini deutso-eta. Sailkapenera begiratuta, zuri-gorrien egoerea ez da oso kezkagarria. Garaipen pare bategaz zulotik urtengo leukie. Ganera, Liga txapelketa hasiera negargarritik ondorio positiboren bat ataratekotan, Athleticek jokatu dau Santiago Bernabeun eta Nou Campen, eta Valentzia, Sevilla, Español, Vilarreal, Realak eta abarrek, bertatik pasau behar dira. Sei puntu dira.
Celtaren aurkako partidua inflexino puntua izan behar da Athleticentzat. Etapa barri baten hasierea. Hiru puntuak eskuratzea izango da helburu nagusia zapatuan San Mamesen. Horregaz batera, baina, aldaketa sakona ikusi behar dogu Ernesto Valverderen taldearen jokoan. Aldaketa sakona, liga hasierako jokoagaz alderatuta. Aurreko denporaldian Katedralean erakutsitako joko alaia eta eraginkorra berreskuratu behar dabe zuri-gorriek. Hori guztia, intentsidadetik abiatuta. Carlos Gurpegik domeka honetan DEIAn adierazo dauen lez, Athleticeko jokalariek San Mamesko bedarra jatera urten behar dabe zapatuan Celtaren aurka. Haginka egitera. Holan ez bada txarto goaz. Jarrera horregaz lortuko dau Athleticek zulotik urtetea eta aurreko denporaldiko joko ikusgarria berreskuratzea.
Celtaren aurkako partidua garrantzitsua da, bolada txarrari amaiera emon eta goranzko bideari ekiteko, bai. Edozelan be, Athleticek alde batera itxi behar dau antsiedadea, ez da bidelagun ona-eta. Valverderen gizonek konfiantza euki behar dabe euren aukeretan eta zalantzak baztertu. Joko ona eta intentsidadea berreskuratzea ezinbestekoa badira, sikologikoki sendo egotea be beharrezkoa izango da etapa barriari ekiteko. Topikoari helduta, partiduz partidu joan beharko dabe zuri-gorriek. Beste alde batetik, esan beharrik ez dago zaleriaren jarrerea oso garrantzitsua izango dala zapatuan San Mamesen. Zulotik urteteko ahalegin horretan, zaleek be jarrera positiboa agertu beharko dabe, lehen aitatutako antsiedade arriskutsu hori nagusitu ez daiten.
Athleticeko bazkideen ordezkarien batzarra dago deituta gaur Euskalduna jauregian, aurreko urteko kontuak eta hurrengo denporaldirako aurrekontua eztabaidatzeko. Esperientziak dinosku, batek baino gehiagok baliatuko dauela taldea sailkapeneko zuloan egotea Josu Urrutia eta berak zuzentzen dauen talde direktiboaren aurka egiteko. Taldea sailkapeneko goialdean balego, ez daukat zalantzarik kontu guztiak gehiengo zabal batek onartuko leukezala, ia eztabaida barik ganera. Gauzak dagozan moduan egonda, Athleticek batasuna behar dau inoiz baino gehiago.
Zaragoza eta Lugoren arteko partidua ikustea erabagi neban Ruiz de Galarreta zelan dabilen ikusteko. Badakit erreza dala orain esatea baina jokalari hori lehenbailehen berreskuratu behar da. Kalidade itzela daukala bagenkian, baina fisikoki be itzel dabil. Fitxaketa bikaina izan daiteke neguko merkaduan. Eta hegaletatik doguzan arazoak ikusita, Guarrotxena berreskuratzea be ez litzateke txarra izango.
Ezin amaitu emakumezkoen taldearen liga hasiera bikaina nabarmendu barik. Galtzen hasi ziran zapatuan Lezaman baina irauli egin eben markagailua.