ITSU zauden arren bizitzeak harritzea esan nahi du. Milaka arrazoi ditugu egunero gure begiak, harriduraren harriduraz, eguzkiaren tamaina berean zabal daitezen. Inguratzen gaituztenak izaten dira anitzetan estonamendu horren errudunak, batzuk inkonpetente hutsak direlako, beste batzuk munduak aurrera egin ez dezan tematurik daudelako. Kontua da bizitza zailtzea, etorkizuna iluntzea.

Kopetilun ere gelditu nintzen ni Nafarroako Gobernuak euskarazko hainbat liburu erretiratzeko agindu duela entzun nuenean. Antza, bertan Euskal Herriko mapa agertzen zen, eta jakina, irudikapenak ez omen du Nafarroaren errealitate instituzionala adierazten. Gerora entzun nuen, partikular batek eginiko salaketarengatik sorgin-ehizaren engranajeak mugitzen hasi zirela, gobernamenduzkoak ez diren Nafarroako gobernuko akolito hertsien izuen artean, eskandaluzko liburu horiek erretiratu diren arte. Gainera badiote eskolak zelatatzen hasiko direla orain, liburu horiek erabiltzen ez direla ziurtatzeko? Euskal herriko mapa erakustea sekulako laidoa bailitzateke, ezta?

Euskal hizkuntza eta literatura ikasgaiko liburuak, euskarazkoak, dira euren begien aurretik ezabatu nahi dituztenak, argi eta garbi ezker aber-tzalearen doktrinamendua delako, bertan ere ikurrina agertzen baita, eta jakin badakigu bertako gobernatzaileek zer-nolako fobia dioten hiru koloretako banderatxoari. Perla batzuk ere bota zituzten: Nafarroako geografia ezin da ikasi Espainiakotik aparte (sic)

Jendea itsu dago hemen eta Sebastopolen. Katalunian ere txakurrak oinutsik. Espainiako politiko indar-tsuek etengabeko ezezkoa luzatzen diote herri batek demokratikoki eska-tzen duen edozeini, eta inoiz baino arinago gobernu espainiarraren mesedetan aritzen den Konstituzionalari esker, galdeketaren legea eta dekretua bertan behera geratu dira, inolako urrikalpenik gabe, Espainia bakarra baita. Baina Espainia ere itsututa dago, historiak utzi dion ikasbideari jaramon egin barik. Munduak aurrera egiten du eta egingo du beti. Gauzak aldatuz doaz, eta demokrazia ezin da desligitimatu. Itsututa daude.