Zuria, baino ez argia
INUITEK hamaika berba desberdin dituzte zuria izenda-tzeko. Elurra esateko, berriz, bi hitz-erro nagusi dituzte (zerutik jausten den elurra eta lurra estaltzen duena bereizteko), baina gero atzizkien bitartez ñabarduraz beteriko hitz konposatuak sortzen dituzte. Ez dut uste hizkuntzarekin jolas egitea bereziki maite dutelako izango dela hau. Imajinatu dezaket xehetasunak nahitaezkoak izango zaizkiela, adibidez, izotz-geruza mehea adierazten duen zuri-gune arriskutsuaz ohar-tzeko, edota ingurua erabat estaliko duen elurtza datorrela iragartzeko. Hitzak maite ditugunak aberastasun linguistiko eta semantikoa dela pentsa dezakegu, baina hiztunentzat bizi ahal izateko tresna da.
YES edo NO. Zuria ala beltza. Eskoziako erreferendumak erakutsi digu, alta, kolore-aniztasunari erreparatu behar zaiola inguratzen gaituena bere xehetasun guztiekin ulertuko badugu. Kontakizun aritmetikoak aukera batak besteari zenbateko aldea atera dion erakusten digu; argazki fidagarria da, dudarik gabe, baina ez da nahikoa. Zuria da, bai, baino nolako zuria? Detaileak behar dira, deabruek bereziki maite dituzten detaile horiek.
Aukeran emandako YES horren atzean xehetasunez beteriko BAI handi bat datza, galdeketaren emai-tza gora-behera, handia izaten jarraitzen duena. Bai, ondoren negoziatzekoa zen independentziari; bai, auto-antolakuntza, auto-jabekuntza ulertzeko bide berri bati, bertan erabakia eta neurrira ezarria. Bere aldetik, irabazle suertatu den NO ez da dirudien bezain xinplea, bistakoa baita gauzak lehengo moduan uzteko biderik ez dela egundo gelditzen. Bertako herritarrei bi aukera eman zaizkie, baina erantzunak bi baino askoz gehiago izan dira.
Ez dakit joan den osteguneko datu eta emozioen zaparrada eta gero, egiazki jabetu ote garen berriki jazo denaz. Eskozian eta Londresen ñabardurak izango dituzte mahai gainean laster, ibili beharreko bidean aurrera egiteko. Madriletik, ordea, hitz berririk ez. Elurra ari du, elur zuri baina ez argia.