Síguenos en redes sociales:

Zer ikusi, hura ikasi

KALE bazterrera begira jarriko bagina, bestelako herrialdeetatik gure artera iritsitako erkide berriak ikusiko genituzke. Gauzak horrela, euskara eta euskal kultura indarberritzen segitzeko, integrazioaren mezua darabilte hizkuntzaren geroa ziurtatu nahian ari direnek. Nolanahi ere, etorri berrien dentsitatea eta euskararen bizi-indarra gurutzatuko bagenitu bi errealitate desberdin antzemango genituzke.

Izan ere, gure errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuz, gunerik euskaldunenak ez dira oro har -arrantzak pisua duen kostaldeko herri gutxi batzuk salbu- etorri berriak gehien pilatzen dituzten eremuak. Aitzitik, hiriak eta, urte-sasoiaren arabera, eskulan ugariren beharrean dauden nekazari-eremuak dira etorri berri gehien pilatzen dituztenak, eta inguru horietan, euskararen ezagutza urria da, eta haren erabilera zein gizartean duen agerpena are eskasagoa da.

Horiek horrela, ez ote diegu etorri berriei eskatzen bertakook bete beharrik ez ditugun hainbat kultur-edo gizarte- arau bete ditzaten, horien artean euskara ezagutzearena? Lea Artibai bezalako eskualde batean bizi diren etorri berriek euskara ikusi eta entzungo dute nonahi eta nolanahi... eta Bilbo, Donostia eta Gasteiz bizitokitzat dutenek? Hemen sozialki normala izateko, integratzeko, euskara jakin behar ote da?

Udan gaudenez gero, bisitari-kopuruei buruzko datuak ematen dizkigute agintariek, ostalaritza- eta merkataritza-sektorearen gozamen ala kezkarako. Kontuak horrela, kanpotik gure artera datozenek zein irudi hartzen dute gure hizkuntza eta kultur errealitatearekiko? Zein mezu hartzen dute gure historiari eta egungo errealitateari buruz kalez kale dabiltzan bisitari-taldeek?

Hego Euskal Herrian gaztelaniaren ondoan, jatetxeetako eskaintza ikusiko dugu sarriago alemanez, ingelesez edo frantsesez euskaraz bainoago. Hizkuntza horiek ofizialkideak ez diren arren eta, Euskadin, Euskararen Legea onartu zela hogeita hamabi urte igaro badira ere... areago, euskaraz dakitenak urte osoan zehar bezero potentzialak direnean. Era berean, kanpotik datozenek ia beti topatuko dute zerbitzari abegikorren bat haien hizkun-tzan kasu egiteko, totelka bada ere. Halako adibide ugari aurkituko dugu denda zein bestelakoetan ere. Baina... badakizu, euskaldunak gehienbat elebidunak direnez gero, ez dezatela molestatu, beraz, gaztelaniaz molda daitezela. Ze demontre!

Min ematen dit baieztatzeak gure gizarteko sektore esanguratsuek eta pertsona ezagunek, zerbait direla erakutsi gurean, atzerriko hizkuntzekiko egin duten bidea gure hizkuntzarekiko eta kulturarekiko nola ez duten egiten, bai eta errealitate horri lekua -kostata- ematen diotenean, bazterreko tratua eman edota zabarkeriaz darabiltela antzematea ere.