Gozo eltzea
UMEEN urtebetetze jaia. Askaria bukatu eta berehala, guraso batek gozo eltzearen unea heldu dela iragarri du. Umeak zoroen moduan daude, kartoizko egitura hari begira, adi, badakite segundo gutxitan handik gozokiak, gominolak, txikleak eta piruletak eroriko direla. Ni ere adi nago, izan ere, gozo eltzearena niretzat nahiko kontu berria da, urtebetetzeetan azukre eta gurinaz igurtzitako ogiak jaten ziren garaikoa bainaiz.
Kartoia apurtu eta euri gozo batek hartu ditu ume guztiak. Norgehiagoka ari dira, eskuak txiki geratzen zaizkie hartu nahi dituzten gozoki guztientzat. Baina emaitza ez da denentzat berdina. Batzuek gozokiz beteak dituzte poltsikoak, beste ba-tzuek, aldiz, bakarra dute esku artean edo bat ere ez.
Lagun on bat, ama baita ere, eta biok elkarri begira geratu gara, injustiziaren lekuko biak. Eta gozo eltzearen joko horretan umeek izango direnaren pertsona nagusiari buruzko informazio asko eskaintzen dutela aipatu dugu. Hor ikusten baitira pertsona mota ezberdinak: biziak batzuk, eta bizkorrak, eskuak gozokiz betetzea lortu dutenak euren trebetasunari esker; dorpeagoak edota despistatuagoak direnak, nekez hartu dituztenak pare bat gozoki; saria lor-tzeko taktika zintzoak erabili dituztenak hor daude, baina baita ere euren helburua lortzeko albokoa zapaltzeko arazorik ez dutenak; badaude ere gozoki gabe geratu den lagunari batzuk oparitu dizkiotenak; eta baita ez dutenak besteekin ezertxo ere partekatzen. Eta abar.
Etorkizuneko gizartea nolakoa izango den imajinatzeko ariketa ona da egungo umeei erreparatzea. Ezin dugu dena kontrolatu ezta haien portaera guztiak gidatu, baina ez genuke ahaztu behar oraindik moldagarriak direla hein handi batean, eta ume garaian ikasten dela bakoitzaren bizitza zuzenduko duen balio-gida funtsezkoena. Agian laguntza pixka bat behar dute. Agian oraingoa da unerik egokiena haiei laguntza pixka bat eskaintzeko.