bizitza enkontru segida bat da. Heriotzagatik ez bada, ez dago betirako agurtzen dugun lagun, ikaskide, familiakide edota bikotekiderik. Gutxien espero dugunean, han egingo dugu berriro tope. Eta kasualitateak harritatzen gaitu. Bide bera hartu izanak.

Horietako bat, ezbairik gabe, umetako ikaskideen arteko enkontrua da. Halako batean heltzen da ikastola utzi genueneko 20, 25 edo 30. urteurrena eta norbaiti otutzen zaio ondo legokeela afari bat antolatzea. Eta gonbita jasotzen dugun guztiok ere, nostalgiaz, joateko gogoa sentitzen dugu, elkarrekin bizitako momentu eder haiek guztiak bergogoratzeko.

Eta biltzen garenean, batzuk berdin berdin jarraitzen dutela konturatzen zara; bai itxuraz, bai hitz egiteko moduz. Berehala sartzen zara hizketan beraiekin. Beste batzuekin, umeak ginenean bezala, tentuz ibili behar: zer esan, nola begiratu, zer azpimarratu? Eta beste batzuekin, bi muxu eta hobe ez galderetan erori.

Guztiontzako eremu neutroa den gaia, ordea, irakasleena da. Batez ere, gaiztoak ziren irakasle haien unibertsoa astintzea. Hor denok egiten dugu bat eta ez dago ezer ezkutatu edo gorde beharrik. Larrutze oro dago ondo. Justifikatuta baino areago.

Hala ere, harritzen zaitu, halako ezkutuko arrangura batek harrapatzen dituela batzuk. Zeren eta batek esaten du: gogoratzen zarete halako andereño/irakasleaz? Bizi-tza "inposible" egin zigun eta, orain, nire alabaren irakaslea da. Badakizue zer esan nion ikasturte hasieran? Nirekin nahi zuena egin zuela baina orain guraso naizela eta bizi-tza "inposible" egingo diona ni izango naizela.

Ez genuen inork ezer esan. Gu guztiogatik hitz egin zuela zirudien. Defendatu egin gintuela, nolabait. Eta laster konturatzen zara, denborarekin, gure akatsak disimulatuko dituen artifizioren bat aurkitzeko gai egiten garela baina ez, hala, ginena gainditzeko.