Izertzan baina sendo
tXAPELDUNEN Ligarako bidea ez da erraza izango. Inork ez daiala zalan-tzarik izan. Ernesto Valverdek Vila-realen aurkako partiduaren ostean adierazo eban legez, laugarren postua eskuratu gura dauenak izerdi asko bota beharko dau. Athleticek ez eban partidu ona jokatu Vila-realen. Etxeko taldea nagusi izan zen lehenengo zatian eta gauzak ilun jarri ziren zuri-gorrientzat Pinak Iraizozen atea zulotu ebanean. Valverderen taldeak, ostera, ez eban iparra galdu eta garrantzi handiko puntu bategaz itzuli da Bilbora. Ondo jokatu barik, baina zuri-gorriek ez eben galdu. Esan beharrik ez dago oso garrantzitsua dela holako partiduak ez galtzea. Hau da, ondo jokatu barik be, oso gatxa da Athletic mendean har-tzea. Kontuak kontu, balorazino positiboa egin behar dogu azken jardunaldian lortutako emaitzaz.
Jardunaldiak aurrera doaz eta Athleticek sailkapeneko laugarren postuan jarraitzen dau. Hori gitxi balitz, eutsi egiten deutso aurkariekiko aldeari. Zuri-gorriek puntu bi eskuratu dituzte azken bi jardunaldietan, etxetik kanpo jokatuta eta maila handiko taldeen aurka. Laugarren posturako aurkari nagusien jarduna aztertuta, Realak Anoetan jokatu dauz azken partidu biak eta hiru puntu lortu dauz, Athleticek baino bat gehiago. Vila-realek be, hiru puntu lortu dauz. Liga txapelketea amaitzeko hamar jardunaldi geratzen diranean, Athleticek alde nabarmena kentzen deutse atzetik datozan aurkariei. Etorkizunera begira baikor egoteko errazoiak azpimarratzen jarraituz, zuri-gorrien alde geratu da gol-averagea Vila-realegaz. Gainera, ez dogu ahaztu behar Sevilla eta Reala San Mamesera etorri behar direla.
Ernesto Valverde ez zen gustura geratu berak zuzentzen dauen taldeak Castello aldean egin eban partiduagaz. Marcelinoren mutilek oso motibatuta ekin eutsoen partiduari garbi eukeelako jokoan egozan hiru puntuek garrantzi itzela eukeela talde bientzako; eurentzako, batez be. Etxeko taldea aurkaria baino gehiago izan zen lehen zatian baina ez eban lortu markagailuan aurrea hartzea. Athleticek, ostera, aukera bikaina euki eban garaipena bideratzen hasteko. Adurizek, baina, ez eban asmatu Asenjoren aurrean. Holako partidu garrantzitsu baten ezin da halako aukera bat alperrik galdu. Ia nork jaurtiten dauen hurrengo penaltia. Ez dot ezer komentauko azken minutuan Athleticek alperrik galdu eban faltaren inguruan. Eta lehenengo zatia txarto amaitu bazen, bigarrena okerrago hasi zen. Balenziagak alfonbra gorria ipini eutson Oliver Torreseri Iraizozen aterako bidean eta horiek ondo aprobetxau eben oparia. Oso larria izan zen Athleticeko atzelariaren hutsa. Gauzak oso ilun jarri ziren bilbotarrentzat Vila-realeko atzelari batek bere burua egotzi eban arte. Marcelinok hesi sendoa ipini eban Asenjoren atea jagoteko eta Athletic ezinean ebilen. Adurizek zulotu eban harresia. Eskerrak berari. Muniain, De Marcos, Susaeta eta Herrera ezinean ebilzan baina Valverdek ez eban hamaikakoa ikutu azken txanpara arte. Beranduegi egin zituen aldaketak eta taldeak ezin izan eutson bueltea emon emaitzari. Beñatek ez eban astirik izan bere taldearen jokoa aberasteko.
Hamar jardunaldi geratzen dira eta Athleticek bost partidu jokatuko ditu San Mamesen. Horreetariko bi Sevilla eta Realaren aurka. Garbi dago, etxeko partiduak irabazita talde zuri-gorriak Txapeldunen Liga jokatuko dauela hurrengo denporaldian. Lehenengo urratsa Getaferen aurka emon behar da datorren zapatuan, Aritz Aduriz barik. Aukera polita Guillermorentzat. Ezin amaitu besarkada handi bat bidali barik Amaia Olabarrieta, Athleticeko jokalariari, belauneko lotailuak apurtu dauz-eta.