OSTEGUNEAN antzerki-bertsoz blaitu nintzen. Tartean Teatroa konpainiak, martxoaren 12an eta 13an, Pankreas, bertsoz paraturiko gaur egungo tragikomedia aurkeztu zuen Bilboko Arriaga Antzokian, eta beste asko bezala, euskal eszenako bikote xelebrearen jarraitzailea naizenez, hitzordu horretarako tartea hartu nuen.

Honen aurrekoak dira Euskara sencilloaren manifestua, Larru haizetara Euskarazetamol eta Lingua nabajorum. Barrez lehertzeko pieza edota gag-ak dira guztiak, euskararen ajeen disekzio egokiz eta euskal egunerokotasunaren ironia zorrotzez zipriztindurik. Umorea, eurek dioten moduan, urbano da. Edozein euskal urbanitari gertatu zaion, ezagun egin zaion, edota gerta dakiokeen une gloriosoz beteak daude lan hauek. Patxo Telleria eta Mikel Martinez lagunek, abagune honetarako, Joseba Apaolaza aktore ezagunaren parte-hartze eta konplizitatearekin kontatu dute, eta hala, trinitate gaindiezina osatu dute bertsoz idatzi eta deklamaturiko komedia hau aurrera eraman ahal izateko. Euren esanetan, obraren nondik norakoa, honela laburbil daiteke: "Hiru lagun. Lehenak pankreasen transplante baten premia larria dauka. Bigarrenak suizidatzeko asmoa dauka hemendik urte batera, herentziazko Alzheimerrari iskin egiteko. Hirugarrenak proposamen bat egingo dio bigarrenari: suizidioaren epea aurreratzea, lehenengoari bere pankreasa emateko. Une hartatik aurrera ezusteko gertaerak bata bestearen ondoren etorriko dira, fisika modernoaren axioma bati men eginez: "gerta daitekeen guztia, denik eta sinesgaitzena bada ere, gertatu egiten da noizbait". Eta agian horixe da obra osoan biribiltzen egi askoz biribilagoa, hots, gerta daitekeen guztia, gertatu egiten da noizbait. Eta oreka berean, gertatu ez den guztia, gerta zitekeen guztia, gertatu dena bezain garrantzizkoa dela; askotan gertatu ez denak zure bizitza marka-tzen baitu, gertaturikoak bezainbeste, betiko, konturatzeke. Tragikomedia da. Hasieran, zalantza duzu ez ote diren zoro hauek lar seriotu: baina ez, hasierako tonu ilunetik barre algaretara doa kontua, in crescendo. Bizitzaren tragikomedian ez bezala.