Aurrera ta aurrera
Jardunaldiak aurrera doaz, partidu bat gitxiago geratzen da Liga txapelketea amaitzeko eta Athleticek ez dau huts egiten. Albiste onak beraz. Ernesto Valverdek esan dauen legez, taldeak garbi dauka zein den helburua eta buru belarri sartuta dago ahalegin horretan. Zuri-gorriek azterketa gatxa eukeen Mestallan Valentzia indarbarrituaren aurka eta ez eben huts egin aurkari sendo baten zelaian.
Valentzian lortutako puntuari daukan balioa emon behar jako. Sailkapeneko zortzigarren postuak ez dau islatzen Pizziren taldeak gaur egun daukan mailea, are gehiago etxean jokatzen dauenean. Gora behera handiko partidua izan zen Mestallan jokatutakoa. Arraroa be bai. Athletic aurkaria baino gehiago izan zen lehenengo zatian baina galtzen joan zen atsedenaldira. Bigarrengoan zuri-gorriek bardinketaren gola sartu eben arren, sufritu egin eben etxeko taldearen erasoari eusteko. Hori dela-eta ontzat emon behar dogu lortutako puntua. Horregaz batera, baloratzekoa da taldeak emondako itxura sendoa. Holan jarraituta, Athleticek sailkapeneko laugarren postuan amaituko dau denboraldia. Hori bai, aurrealdean eraginkortasun handiagoa erakutsiz bada, hobeto. Mestallan be, zuri-gorriak ez ziren gauza izan gol aukera garbiak gauzatzeko eta esan beharrik ez dago hainbeste parkatzea aurkariaren ate aurrean ordaindu egiten dela.
Ernesto Valverdek Óscar de Marcos zelairatu eban atzealdeko eskuineko hegalean, Andoni Iraola ordezkoen aulkian itxita. Ez da lehenengo aldia etxetik kanpoko partiduetan erabagi hori hartzen dauena. Txingurrik inork baino hobeto ezagutzen dauz jokalari biak eta ondo daki zer emon leikion bakoitzak taldeari. Baleiteke jokalari arabarrak usurbildarrak baino sendotasun handiagoa emotea atzealdeari, batez be Fedelako jokalari azkarrak eta biziak defenditzeko. Erasoari begira, ostera, taldeak nabarmen galtzen dau Iraola barik. Ganera, Susaetaren errendimenduak be behera egiten dau. Normalean Athleticek eskuinetik bideratzen dauz erasoko jokaldi gehienak. Mestallan, ostera, lehenengo zatian batez be, zuri-gorriek ez eben arriskurik sortu eskumako aldetik. Nire uste apalean, De Marcosek gehiago emon leikio taldeari aurrerago jokatuta, atzealdeko hegalean baino.
Zazpi puntuko aldeagaz ekingo deutso Athleticek Vila-realen aurkako partiduari. Horrek esan gura dau Madrigalen jokatuko den norgehiagoka ez dela hil ala bizikoa izango talde zurigorriarentzat. Bai, ostera Marcelinok zuzentzen dauen taldearentzat. Hori bai, Ernesto Valverderen taldeak aukera bikaina dauka aurkari bat Txapeldunen Ligarako borrokatik kanpora ixteko. Aurrepausu itzela izango litzateke. Ez da erraza izango baina Athleticek lortu leike.
Aspaldi honetan aitortu behar dot bekaizkor nabilela. Inbidiak jan egiten nau. Eurokoparako sailkatzeko fasearen zozketea egin zanean, Gibraltarrek, Faroe Irlek, Eskoziak, Galesek eta beste batzuk inbidia handia emon eustien nazinoarte mailako txapelketa ofizial baten parte hartzeko aukerea daukeelako. Euskal Selekzinoak, ostera, gabonetan bakarrik jokatzen dau. Aurreko astean be, inbidia euki neban. Carles Puyol, Bartzelonako kapitain handiak, prentsaurrekoa emon eban Nou Campen denporaldi amaieran taldea itxiko dauela iragarteko. Minutu ta erdiko agerraldian, Puyolek katalanez bakarrik esan eban esan beharrekoa. Ah zelako inbidia!
Propaganda apur bat eginez amaitu behar dot. "Lehoiak ametsetan" aplikazinoa aurkeztu barri dabe. Euskerea eta Athleticen baloreak buztartzen ditu ekimen honek Kirmen Uriberen ipuinen eta Asisko Urmenetaren marrazkien bitartez. Merezi dau.