Síguenos en redes sociales:

Goi mailan

benetako plazerra da Athleticek San Mamesen jokatzen dauzan partiduak ikusten joatea. Ernesto Valverdek zuzentzen dauen taldeak ikuskizun ederra eskaintzen dau zaleon gozamenerako. Horregaz batera, eskertzekoa da jokalariek lehenengo minututik azkeneraino erakusten daben jarrera erasokorra eta lehiakorra. Bartzelonaren huts egitea baliatu eta sailkapeneko lehen postura hurreratzeko asmoagaz zelairatu ziran Cristiano Ronaldo eta enparauak San Mamesen. Merengeek baina, ezin izan eben helburua bete, aurrean aurkari handia aurkitu ebelako. Puntu bat ez da txarra munduko talde onenetarikoaren aurka jokatuta. Ez da ahaztu behar Real Madrilek zortzi partidu eroiazala golik jaso barik eta guztiak irabazita. Edozelan be, partidua orokorrean aztertuta, Athletic Real Madril baino gehiago izan zan eta bardinketak garaipen usaina euki eban. Hori gitxi balitz, San Mamesen bizi izan genduan giroa itzela izan zan.

Liga asko geratzen da jokatzeko eta ez dago esaterik non amaituko dauen Athleticek. Edozelan be, Ernesto Valverdek zuzentzen dauen taldea jokatzen ikusita itxaropentsu egon gaitekez. Athletic talde sendoa da eta ondo egituratuta dago. Bar-tzelona, Atletico Madrid eta Real Madrid igaro dira Katedraletik eta ez dira Athletic baino gehiago izan. Koltxoneroek irabazi egin eben, bai, baina kanporaketako aurreko partiduko emaitzak goitik behera baldintzatu eban norgehiagoka. Emai-tza onak lortu eta sailkapeneko laugarren postuan sendo kokatuta egoteaz ganera, Valverderen taldeak joko ikusgarria eskaintzen dau. Garaipenaren bila urteten dau zelaira. Zuri-gorriek erasora jokatzen dabe eten barik, aurrean Real Madril zein Almeria izan. Esan beharrik ez dago zaleok eskertu egiten dogula erasoko jokoaren aldeko apustua.

Izen propioak aitatzeko orduan, Ibai Gomezena azpimarratu beharra dago. Santutxuko jokalaria sasoi betean dago eta erraztasun ikaragarria dauka aurkarien atea zulatzeko. Normalean hasierako hamaikakoan urten ez arren, zortzi gol daroaz Liga txapelketan. Marka itzela benetan. Domekan Real Madrileri bardinketaren gola sartu eta San Mames sutan ipini aurretik, zapatu goizean Lezaman egon zan, Santutxuko kadete mailako taldea zuzentzen Athleticen aurkako partiduan. Zuri-gorriak ez ziran Ibairen taldea mendean hartzeko gauza izan. Nire uste apalean, baina, Real Madrilen aurkako partiduko protagonista nagusia ez zan Ibai Gomez izan, Carlos Gurpegi baino. Andosillakoak lan itzela egin eban, erakustaldia emon eban Cristiano Ronaldo, Benzema eta enparauen aurrean. Ganera, Gurpegi zelaian egoteak garrantzi berezia dauka taldearentzat. Kapitaina, Athleticeko liderra da. Horregaz lotuta, asko gustau jatan Athleticeko jokalarien erantzuna -Iturraspe buru dala- Cristiano Ronaldok arpegian jo eutsanean Carlos Gurpegiri. Giza taldearen batasuna agirian geratu zan.

Athleticeko jokalariak bihar itzuliko dira lanera atseden egun bi izan ondoren. Ondo merezitako atsedena urtarrilean zortzi partidu jokatu ostean. Kopa txapelketea atzean geratu da eta Ligeari buru belarri ekin behar deutsoe zuri-gorriek. Hurrengo aurkariek -Celta, Espanyol, Betis eta Granada- ez daukie Real Madril edo Bartzelonaren glamourra. Puntuek, ostera, balio berbera daukee. Hogetabi jardunaldi jokatu ostean Athletic sailkapeneko laugarren postuan dago. Hamasei jardunaldi geratzen dira jokatzeko eta zuri-gorriek aukera bikaina daukee Txapeldunen Ligea joka-tzeko datorren denporaldian. Sailkapenean ederto kokatuta dagozalako eta joko bikaina egiten dabiltzalako. Europarako txartela, Balaidosen, Benito Villamarinen eta horrelako zelaietan eskuratu behar da. Alde horretatik, Osasunaren aurka Sadarren jokatutako partidua eredugarria izan zan. Sari ederra dago jokoan eta Athleticek erakutsi dau eskuratu egin leikela.