Síguenos en redes sociales:

Lapikoa sutan dago

Hiru puntu baino gehiago eskuratu zituan Athleticek Osasunaren aurkako partiduan. Ernesto Valverderen taldeak erakustaldia emon eban Sadarren eta aurkariaren ganetik pasau zan aurreko jardunaldian Valladoliden aurka egin eban lez. Kontua da Pucelakoen aurkako norgehiagokea San Mamesen jokatu zala eta gorritxoen aurkakoa Sadarren. Entrenatzaileak argi eta garbi esan dau taldeak hobetzeko tarte handia daukala etxetik kanpoko partiduetan eta zuri-gorriek aurrera pausu handia emon dabe Iruñean irabazita.

Arbitroak baloia jokoan ipinteko agindua emon ebanetik Athleticek garbi erakutsi eban hiru puntuak gura zituala. Etxetik kanpoko beste partidu askotan be zuri-gorriak aurkaria baino gehiago izan arren, kale egin eben golak sartzeko orduan. Sadarren, ostera, hirugarren minuturako aurretik zan markagailuan. Gola sartzeko modua be oso adierazgarria izan zan. Presino itogarria atzelariari, baloia berreskuratu eta Susaetaren jaurtiketa bikaina areaz kanpotik. Jaurtiteko orduan Athleticeko hegalekoak erakutsitako konfian-tzea oso adierazgarria izan zan. Osasunak bardinketaren golak ez eban ezer aldatu. Alde handia egoan lehiakide bien arten eta garbi egoan, okerrik ezean, zuri-gorriek irabaziko ebela partidua. Txapeldunen Ligarako txartela eskuratu gura dauen taldeak irabazi egin behar dauz horrelako partiduak eta Athleticek ez eban huts egin mailari eusteko izerdi asko bota beharko dauen Osasunaren aurka. 2013-2014 denporaldiko Athletic honen zenbakiak itzelak dira. Ez dodaz guztiak errepikauko baina azpimarratzekoa da Valverderen taldeak hamabost gol sartu dituela Ligako txapelketako azken hiru jardunaldietan.

Ondorio positiboak bakarrik atara geinkez Iruñean jokatutako partidutik. Hasteko, ikaragarria da zuri-gorrien sasoi fisiko bikaina. Partidua ikusita, emoten eban, Athleticek barik Osasunak jokatu ebala kopako partidua aurreko eguenean. Urrezko hiru puntuez gain, aspaldiko Aritz Aduriz onena ikusi genduan. Fisikoki askoz hobeto dago eta igarri egiten da. Donostiarra sasoi betean dago eta taldearen jokoari asko emoteaz ganera golak sartzen hasi da. Ander Herreraren lanak be txalo zaparradea merezi dau. Jokalari bikaina da eta dakien moduan jokatzen dauenean asko aberasten dau taldearen jokoa. Iturraspe, Rico eta Herrerak goi mailako erdialdea osotzen dabe. Beste izar batzuren gerizpean egon arren, ikaragarria da benetan Carlos Gurpegi partiduz partidu emoten dabilen mailea.

Sadarreko partidua atzean itzi aurretik, esan beharra daukat, kezkatu egiten nauela eta min emoten deustala Sadarreko zaleriak hainbeste gorroto erakustea Athleticen aurka.

Arnasa hartzeko asti barik, partidu handia jokatuko dau talde zuri-gorriak bihar San Mamesen Atletico de Madridek aurka. Lapikoa sutan dago eta barruan osagarri guztiak ditu. Hasteko, Ernesto Valverderen taldea erakusten ari dan joko bikainak bizirik mantentzen dau kanporaketeari bueltea emoteko itxaropena. Beste alde batetik, aurkaria Atletico de Madrid izateak biztu egiten dau zale zein jokalarien amorrua, are gehiago joaneko partiduan gertatutakoa ikusita. Ez dogu ahaztu behar, ganera, kopa txapelketako final aurrekoetarako txartela dagoala jokoan. Ez daukat zalantzarik San Mames irakiten egongo dala bihar. San Mames barriko lehen partidu gogoangarria bilakatu daiteke Atletico de Madriden aurkakoa.

Ezin dot ukatu arbitroaren lanak kezkatu egiten nauela. Diego Costa eta enparauak araudiaren mugetan ibilten dira beti eta epaileak ondo zehaztu behar dau mugak non dagozan. Mateu Lahozek, ostera, emoten dau odola ikusi behar dauela falta bat adierazteko. Horren guztiaren ganetik, Athleticek bere eskuetan dauka kopako final aurrekoetarako txartela eskura-tzea. Guztion laguntzeagaz ez dau huts egingo.