Indartsu ekin deutso Athleticek Liga txapelketako bigarren itzuliari, lehenengoa amaitu eban bidetik. Astelehen gauean euriari eta hotzari aurre egin eta San Mamesera joatea erabagi eben zaleek bete betean asmau eben, Ernesto Valverderen taldeak ikuskizun bikaina eskeini eban-eta. Zuri-gorriek merezimentu osoz eskuratu eben garaipena. Zapaldu egin eben aurkaria. Partiduaren lehenengo orduan markagailuan atzetik joan arren eta arbitroaren lan makala arerio izanda be, Athleticeko jokalariek ez eben amore emon eta irauli egin eben markagailua. San Mamesen punturen bat lapurtzea garesti, oso garesti saltzen da. Eta ganera, zaleek disfrutau egiten dabe taldeak ederto jokatu eta golak sartzen dituelako.
Ernesto Valverdek zuzentzen dauen taldearen zenbakiak gero eta lodiagoak dira. Ikaragarriak ezelango zalantza barik. Liga txapelketako lehen hogei jardunaldiak jokatuta, Athleticek hogeta hemeretzi puntu daukaz. Aurreko denporaldian, zuri-gorriek beste hamabost partidu behar izan ebezan marka horretara heltzeko. Izan be, ligako hogeta hamabosgarren partiduan eskuratu eban Bielsaren taldeak hogeta hemeretzigarren puntua. Lehen mailako sailkapenera begiratzeak paparra zabaltzen deusku. Athletic laugarren dago, puntu bi kentzen deutsaz bosgarrenari, sei seigarrenari -Reala Katedraletik igaro behar da- eta zortzi zazpigarrenari. Urrunago begiratuta, sailkapeneko zortzigarrenak, Espanyolek, Athleticek baino hamalau puntu gitxiago daukaz. Itzela benetan. Edozelan be, Ernesto Valverdek esan dauen legez, orain arte egindakoak, bikaina izan arren, ez dau ezetarako balio bigarren itzulian lehiatzeko maila horreri eutsi ezean.
Valverderen taldeak sinisgarritasun handia lortu dau. Sendotasuna transmititzen dau. Athleticek azaroaren 3an jokatu eban bere azken partidu makala. Vicente Calderonen izan zan. Hortik aurrera, hamabi partidu jokatu ditu (ligako zortzi eta kopako lau) eta hirutan galtzaile izan arren (Anoeta, Balaidos eta Benito Villamarinen) guztietan aurkaria baino gehiago izan da. Jokalariek badakie zer egin behar dabe zelaian eta batera egiten dabe arraunean. Sarritan -gura baino gehiagotan- markagailuan atzetik izan arren, lehoiek ez dabe norabidea aldatzen, lemea sendo helduta. Pirinio eta Alpeetako mendate luzeetan jazoten dan lez, Valverderen gizonak ez dira zoratzen aurkariren batek erritmoa arindu eta erasoa joten dauenean. Erritmoari eutsita, aldatsak bakoitza jagokon lekuan izten dau. Eta hori guztia, zaratarik egin barik. Inogaz hasarratu barik. Polemikarik biztu barik. Harrokeri barik. Jokalariak errespetu osoz eta giza legez tratauta. Holakoa da Ernesto Valverde.
Eta orain: Atletico de Madrid. Guzurra esango neuke, talde hori mendean hartzeko gogo itzela daukadala onartuko ez baneu. Gauza askogaitik. Kirol aldetik abiatuta, Koltxoneroak sailkapeneko lidergoan dagoz Bartzelonagaz batera eta Athletic hain ondo eta sendo jokatzen ikusita, oso erakargarria egiten jat zuri-gorrien arteko lehia. Ganera, partidu bira jokatuta eta itzuliko partidua San Mamesen izanda. Aurkari gogorra euki arren bidean, Athleticek aurrera egin leike Kopa txapelketan.
Beste alde batetik, lehen mailako klub gorrotagarriena da Atletico de Madrid. Entrenatzailetik hasi eta Diego Costagaz amaituta. Koltxoneroen doktrinan edozerk balio dau arerioa zapaldu eta garaipena eskuratzeko. Eta zer esango dogu Vicente Calderoneko zaleriaren ganean. Athleticeko jokalariek astokeri itzelak entzun beharko ditue biharko partiduan. Muga guztiak gainditu arren, inork, ez LFPk ezta federazinoak be, ez dau neurririk hartuko.
Ezin amaitu besakarda bero bat bialdu barik Moran familiari.