Arrantzaleen esakera zaharrak dinoan moduan, goizeko hamarretan barruan dagoan atune gaueko hamarretan be barruan dago. Ez dakit zer gertatuko dan Liga txapelketaren bigarren erdian baina Athleticek hogeta hamasei puntu lortu dauz lehen itzulian jokatutako hemeretzi partiduetan. Marka itzela benetan. Aurreikuspen guztien ganetik. Ernesto Valverderen taldeak egindako lana txapela kentzeko modukoa da. Ganera, garbi dago taldea behetik gora etorri dala. Athleticek bost partidu baino ez dauz galdu eta horreetariko hiru lehen zazpi jardunaldietan galdu zituan. Horregaz batera, zuri-gorriek gotorleku bilakatu dabe Katedrala. Hamar partidutan hogetasei puntu eskuratu ditue eta Valentzia eta Elx bakarrik izan dira gauza puntu bana urratzeko. Esan beharrik ez dago etxeko partiduetan sendotasuna erakustea ezinbestekoa dala denporaldi on bat egiteko. Estatistika eta zenbaki guztien ganetik, baina, taldeak erakusten dauen egitura sendoa dago. Aspaldiko partiduetan Athleticek sendotasun itzela erakusten dau, etxean zein etxetik kanpo. Ernesto Valverdek Almeriari gol zaparradea sartu ostean adierazo eban lez, taldearen jokoa bardin antzekoa izan zan Betis edo Realaren aurkako partiduetan. Ezbardintasuna ate aurrean egon zan. Kontuak kontu, Valverderen Athleticek osagarri guztiak batu ditu bigarren itzulira begira baikor egon gaitezan.

Unibertsitateko ikasle guztiak lez, Athletic be azterketa sasoian murgilduta dago. Almeriari sartutako sei golak atzean geratu dira eta beste azterketa bateri ekingo deutse zuri-gorriek bihar San Mamesen Betisen aurka. Ez da erraza izango, joaneko partiduko emaitzea oso arriskutsua dalako. Edozelan be, norgehiagokea San Mamesen jokatuta eta lehiakide biak zelan dagozan ikusita, garbi dago Athletic faborito nagusia dala kanporaketea gainditzeko. Juan Carlos Garrido, ustezko salbatzailearen taldea sailkapeneko azken postuan dago eta zazpi puntura ditu mailari eusteko postuak, azken jardunaldian Benito Villamarinen Osasunaren aurka galdu ostean. Hori gitxi balitz, datorren domekan Real Madrid izango dabe bisitari. Kopa txapelketea zama astuna da Sevillako taldearentzat. Bi lehiakidek ez dabe borrokan egiten batek gura ez badau eta kasu honetan ez dot uste Betisek ahalegin handirik egingo dauenik Kopan jarraitzeko. Athleticen eskuetan dago hurrengo kanporaketarako txartela lehenbailehen erabagita uztea.

Aurkaria datorren moduan etorrita be, garbi dago zuri-gorriek gitxienez gol bi sartu behar dituela. Horretarako gol aukerak aprobetxau egin behar ditue eta eraginkor aritu Betisen ate aurrean. Almeriaren aurka sei gol sartu izanak itzali egin dau Anoetan eta Benito Villamarinen galdu ostean sortutako antsiedadea. Gauzak ez dira bere onetik atara behar. Daukaguzan jokalariak daukaguz eta horreekaz tiretu behar dogu. Zoratu barik. Guk ezin dogu -eta gure bez- kroaziar bat, argentinar bat ala turkiar bat fitxau neguko merkaduan. Beraz, konfiantzea euki behar dogu Aduriz, Kike Sola, Tokero, Susaeta, Muniain, Mikel Rico, San Jose, Ibai, Aymeric eta enparauetan. Talde honek badaki golak sartzen, bestela ez litzateke sailkapeneko laugarren postuan egongo.

Athleticen merkadu nagusia Lezaman dago. Fitxaketa onenak bertan aurkituko dauz. Guillermo Fernandez, Bilbao Athleticeko aurrelariak, beste gol bi sartu ditu azken jardunaldian eta hamaika daroaz hamalau partidutan Bigarren B mailan. Imajinau eizue, Guillermo bilbotarra barik, nafarra balitz eta Bilbao Athleticen barik Peña Sporten jokatzen dauela. Dagoanekoz zoratuta ibiliko ginateke jokalaria lehenbailehen fitxau gurean. Urruneko intxaurrak hamalau, hurreratu eta lau. Neure herrian esaten dan lez, "Asauko blankurie baltza, hurretu eta zuritu". Itzela benetan Kuko Ziganda eta bere taldearen lana. Bere benetako neurrian balorau beharrekoa.