URTEAK ez dutela elkar ikusten. Koldok afaria du gaur institutuan futbol taldea osatzen zutenekin: Txema, Josu, Juan Carlos... Izen bakoitzarekin batera haien kamisetako zenbakia datorkio burura. Urduri egon da arratsalde guztia, irudi ona eman nahi du hainbeste denboraren ondoren, gazte eta moderno agertu nahi du. Hamazortzi urte zitueneko espiritua bizirik mantentzen duela erakutsi nahi die.

Afarian sorpresa bat baino gehiago izan du. Ezagutzen ez zituen soilgune eta tripak ikusi ditu, ile zuriak eta belarri barruan hazitako ileak. Hala ere, denek erakutsi nahi izan dute gazte daudela oraindik, martxarako gogoa dutela, ez direla gizon aspergarri bilakatu.

Egiaztatu duenez, Juan Carlosek gaztetan bezain ahobero jarraitzen du, eta afarian esan dituenengatik institutuan bezala tratatzen ditu oraindik neskak, errespetua etxean ahaztuta. Afaldu ondoren ehizan egiteko gogorik galdetu die, eta gaur egungo neska gazteek edaten dutenean "edozer egiteko prest" egoten direla aipatu die, ez dakitela zer egiten duten ere, eta gainera inoiz baino arropa gutxiago izaten dutela eta horrek lana asko errazten duela. Bere emazteari buruzko txisteak ere egin ditu, 50 emakume bat 25eko bigatik non aldatu daitekeen galdetuz.

Barre egin dute denek, Koldo barne, baina behartuta egin du, izan ere, ez du bere burua identifikatzen Juan Carlosen gizon ereduarekin. Herrira kotxez bueltatu behar duela esan badie ere, bi whisky hartu ditu afaldu ondoren, eta komentarioa egin du: "Hain azkar noa kotxez, poliziari kontrola jartzeko astirik ere ez diet ematen". Eta barre egin dute denek berriz.

Koldok bere ingurura begiratu du. Ziur da han bildu diren gizon gehienek ez dutela zerikusirik Juan Carlosek erakusten duen maskulinitate ereduarekin, arriskuan, agresibitatean, errespetu faltan eta gehiegikerian oinarritutako ereduarekin. Baina hala eta guztiz ere, denek egin dute barre. Taldetik kanpo geratzeko beldur dira oraindik ere, baloi baten atzetik izerditan egiten zuten garai hartan bezala.