Athletic Reala baino gehiago izan zan Anoetan jokatutako derbyan baina hiru puntuak etxeko taldeak eskuratu zituan. Ez da kontu barria Ernesto Valverderen gizonentzako. Sevillan be Emeryren taldea baino gehiago izan ziran baina ez eben garaipena lortu. Kopako lehen kanporaketako joaneko partiduan zuri-gorriak Celta baino askoz gehiago izan ziran Balaidosen baina galdu egin eben. Esan geinke futbola ez dala justua izan Athleticegaz Ernesto Valverderen taldeak ez ebalako galtzea merezi. Derbyan ez eban onenak irabazi, eraginkorrenak baino. Edozelan be, futbola oso sinplea da: aurkariaren atean gol gehien sar-tzen dauen taldeak irabazten dau norgehiagokea. Hortik aurrera bakoitzak ikusiko dau zein sistema erabilten dauen aurkariaren atea zulatzeko. Baina azken baten, balioa dauena golak sartzea da. Hori bai, baten batek azaldu behar deust baloiak jokalari baten eskuan joten dauenean noiz adierazo behar dan penalti. Athleticeko jokalari baten eskuan joten dauenean ez dago lekurik interpretazinorako. Aurkariaren eskuan joten dauenean, ostera, aztertu egin behar da nahita izan dan?

Athleticek arazo bat dauka aurrealdean. Lehen itzulia amai-tzeko jardunaldi baten faltan Mikel Rico eta Mikel San Jose izatea taldeko goleatzaile onenak oso esanguratsua da. Muniain, Aduriz eta Susaeta, azken bi honeek batez be, oso makal ibili ziran Anoetan eta esan beharrik ez dago taldeak nabarmen igarri ebala aurrelarien arratsalde txarra. Donostian emoten eban Derbya beste hiru ordu luzatuta be Athletic ez zala golen bat sartzeko gauza izango. Edozelan be, arazoa ez da hain larria izango taldeak Txapeldunen Ligako postuetan amaituko dau-eta lehenengo itzulia. Danok dakigu zer emon leikien Adurizek, Muniainek eta Susaetak. Ganera, Kike Sola be hortxe dago prest taldera itzultzeko. Beraz, baikor izan gaitezan etorkizunari begira.

Baikortasunaren aldeko deia egiten dot Athletic sendo bat ikusi nebalako Anoetan. Ernesto Valverderen taldeak azken partiduetan erakutsitako seriotasunari eta sendotasunari eutsi eutsan. Barriro dinot, orain inork ez dau itaun-tzen zertara jokatzen dauen Athleticek. Kontua da, serio jokatzeak eta aurkaria baino gehiago izateak ez dauela bermatzen hiru puntuak eskuratzea. Kontuak kontu, Athleticek Realaren aurretik jarraitzen dau sailkapen nagusian eta gure aurkari nagusia laugarren posturako talde txuri-urdina bada baikor egon gaitekez, are gehiago San Mamesen jokatzea geratzen jakula kontuan izanda.

Donostian jokatutako partiduak berretsi egin deusku Ernesto Valverdek ez daukala konfiantzarik Beñat Etxebarriarengan. Partidua galtzen joanda eta gol aukeraren bat sortu ezinik egonda be Athleticeko entrenatzaileak ez eutsan jokatzeko aukerarik emon Arratiako jokalariari. Egia esanda, Txingurrik egindako hiru aldaketek ez eutsen ezer ekarri taldearen jokoari. Ez da errez ulertzen, partiduak joan partiduak etorri, Beñat Etxebarria ordezkoen aulkian egotea minutu bat jokatzeko aukera barik.

Buruari bueltak emoteko aukera handi barik, Kopako bigarren kanporaketeari ekingo deutso Athleticek bihar Betisen aurka Benito Villamarin futbol zelaian. Hamabi egunetan lau partidu datozala kontuan izanda, baleiteke Ernesto Valverdek aldaketak egitea hasierako hamaikakoan. San Jose, De Marcos, Ibai, Beñat, Kike Sola, Ekiza eta beste batzuk (Etxeita ahaztu barik) zelaian ikusi geinkez. Aurkariari jagokonez, Betis, sailkapeneko azken postuan egonda Kopara baino Ligako hurrengo jardunaldira begira dago, Osasunaren aurka jokatuko dau Benito Villamarinen. Aldiz, Anoetan jasotako porrotak ez leuke eraginik izan behar taldearen norabide sendoan.