Paparra atarata gabiltza Athletic zaleok eta, egia esateko, badogu arrazoirik harro ibilteko. Lehen itzulia amaitzeko jardunaldi biren faltan, edo beste era batera esanda, txapelketa ia erdia jokatuta dagoenean, Valverdek zuzentzen dauen taldea sailkapeneko laugarren postuan dago, Txapeldunen Liga jokatzeko aukerea emoten dauen tokian. Hori gitxi balitz, bosgarren sailkatua lau puntura dago eta bostera hurrengoa. Hogeta hamahiru puntu eskuratu dituzte zuri-gorriek hamazazpi jardunalditan eta aurreko kanpainan berrogei ta bost lortu zituen denboraldi osoan. Lau partidu baino ez ditu galdu taldeak orain arte, eta horreetatik hiru irailean jokatu ziren. San Mamesen ez dau inork irabazi 9 partidutan eta Katedrala gotorleku bilakatzea ezinbestekoa da sailkapeneko goialdiari eusteko.
Eztabaidaezina da Ernesto Valverderen taldeak aurreikuspen guztiak gainditu dituela. Taldearen ardurea hartu ebanean, baikorrenak be ez eban itxaroten Athletic hain ondo ibiliko zanik. Kosta egin jakon entrenatzaileari motorra martxan ipintzea. Laugarren posturainoko bidea ez da samurra izan baina unerik gogorrenetan be, taldeak lagun izan ditu emaitzak. Athleticek ur asko egiten eban denboraldiaren hasieran. Ontziari ura nondik sartzen jakon aztertu eta apurka apurka zuloak betetzen joan da Valverde. Atezain posturako eztabaidea desagertu egin da eta dagoeneko inork ez dau berbarik egiten atzekaldeko ezker hegaleko zuloaren ganean. Horregaz batera, aspaldian galduta ebilen Iker Muniain onena itzuli da. Athletic bloke sendoa da. Jokalariek batera egiten dabe arraunean. Bakoitzak badaki zer egin behar dauen zelaian eta zein den bere rola talde barruan. Ernesto Valverde barriro dabil erakusten inork baino hobeto dakiela kudeatzen giza talde bat eta Athleticen kaseta barruko giro bikaina faktore garrantzitsua da emaitza onak lortzeko.
Athleticek laugarren amaituko dau urtea eta ezusteko handirik ezean postu horretan ekingo deutso bigarren itzuliari. Helburuen ganean itaunduta, jokalariek partiduz partidu joan behar dela dinoe behin eta barriro. Entrenatzaileak be ez dau Txapeldunen Ligea aitatu gura. Antza, zorabioa eragiten dau helburu aberatsak ipinteak. Liga asko falta da, bai, eta helburu bat ala beste bat ipinteak ez dau ezer aldatuko. Baina egia da baita be, danok itauntzen deutsogula geure buruari noraino heldu daitekeen aurten Athletic. Orain arte jokatutakoa ikusi eta aztertuta, garbi dago Ernesto Valverderen taldea aukera historiko baten aurrean dagoela. Urte asko igaro dira Luis Fernandezen eskutik San Mamesek Txapeldunen Ligako partiduak hartu zituenetik, Galatasaray, Juventus eta Rosenborgen aurka hain zuzen. Bartzelona, Atletico de Madrid eta Real Madril kenduta, zein taldek erakutsi dau Athletic baino hobea izatea? Reala, Vila-real eta Sevilla dagoz zuri-gorrien atzetik sailkapenean eta bene-benetan dinot lehoiak ganetik ikusten dodazala.
Jagoba Arrasate berrituarraren taldea izango da Athleticen aurkari nagusia Txapeldunen Liga joka-tzeko postu bat eskuratzeko lehian. Errege bezperan Anoetan jokatuko dan partidua azterketa garrantzi-tsua da talde bientzako. Asko dago jokoan. Athleticek garaipena eskuratu ezkero zazpi puntura itxiko leuke Reala sailkapenean. Hori bai, galtzaile izan da be, zuri-gorriek gipuzkoarren aurretik jarraituko leukee sailkapenean. Beraz, Athleticek urgentzia barik ekingo deutso derbyari. Gabonetako atsedenaldia gustura hartu arren, ondo dabilenak ez dau etenik gura izaten bere jardunean.
Zorionak eta urte barri guztioi eta baita Joaquin Almuniari eta Europako Batzorde enpagugarriari.