norgehiagoka bat bardinketeagaz amaitzen denean lehiakideak ez dira ia inoiz konforme geratzen, gehiago merezi izan dabenaren ustean. Athleticek puntu bat eskuratu eban Sevillaren zelaian eta pentsa lei puntu bat lortu baino bi galdu zituela. Egia da, bai, Ernesto Valverderen taldea aurkaria baino gehiago izan zela eta sari handiagoa merezi ebala. Edozelan be, baloratu egin behar da eskuratutako puntua, aurkari zuzen baten aurka eta Sanchez Pizjuanen lortutakoa delako. Arin ahaztuten doguz Athleticek Sevillaren zelaian jasotako gol zaparradak edota denporaldi hasieran etxetik kanpoko partiduetan emondako irudi makala.
Hiru jardunaldi geratzen dira lehen itzulia amaitzeko eta Athletic laugarren dago sailkapenean, Txapeldunen Liga jokatzeko aukerea emoten dauen postuan. Puntu bira dauka hurrengo sailkatua, laura hurrengoa eta zazpira sailkapeneko zazpigarrena. Zenbakiak bikaina badira be, garrantzi gehiago emoten deutsot taldeak azken jardunaldietan erakutsi dauen sendotasunari. Valverderen zalantzak desagertuz doaz eta aurkitu dau hamaikakorik onena edo eraginkorrena behintzat. Apurka apurka, denok ikasi dogu buruz zuri-gorrien hamaikakoa. Iraola, Gurpegi, Laporte eta Balen-tziaga atzealdean, Iturraspe, Rico eta Herrera erdialdean, Muniain eta Susaeta hegaletan eta Aduriz aurrealdean, pubalgiak uzten deutsonean behintzat. Seinale ona izaten da hamaikakoa errepika-tzearena.
Dagoeneko inork ez dau itauntzen zertara jokatzen dauen Valverderen taldeak edota merezi baino puntu gehiago dituela. Vicente Calderonen galdu ebanetik, taldeak hobekuntza nabarmena euki dau. Athleticek garaipenaren bila urteten dau zelai guztietan eta gero eta konfiantza gehiago dauka bere aukeretan. Sanchez Pizjuanen be ederto erreakzionatu eban laugarren minuturako galtzen egon arren. Ganera, partiduko azken minutuetan taldeak erasora jokatzen jarraitzen eban garaipenaren bila. Horregaitik dinot, puntu bakarra eskuratu arren pozik egon behar garela taldeak Sevillan egindako partiduagaz. Bide horretatik jarraitu ezkero Athleticek denporaldi itzela egingo dau.
Etorkizunari begira baikor egoteko arrazoiak asko badira be, benetan kezkatzeko modukoa da Athleticek penaltiakaz daukan arazoa. Ez da anekdota bat, tragedia bat baino. Onartuezina da lehen mailako talde batek hainbeste penalti huts egitea. Eta ez da denporaldi bateko kontua. Aitor Larrazabalek taldea itxi ebanetik zuri-gorriek jaurtitako penaltien ia erdia huts egin dituzte. Hamahiru jokalarik egin dabe huts hamaika metroetatik. Ezin da kasualidadea izan. Garbi dago, eta bene-benetan dinot, Valverderen gizonek ordu gehiago emon behar dituztela penaltiak jaurtiten Lezaman, are gehiago etzi Kopako partidua jokatuko dabela kontuan izanda.
Kopako lehen partidua hartuko dau San Mamesek etzi Celta protagonista dela. Luis Enriqueren taldeak estrainatu eban estadio barria Ligan eta Athleticek irabazi egin eutson, asko kostata izan bazen be. Orduko emaitzak, 3-2koak, ez deusku balio. Edozelan be, hiru hilabete igaro dira partidu hori jokatu zenetik eta egungo Athleticek ez dauka zerikusirik ordukoagaz. Datu esanguratsu lez, nabarmentzekoa da Iturraspe eta Mikel Rico ez zirela hamaikakoan egon. Athletic Celta baino gehiago da eta aurrera egingo dau Kopa txapelketan.
Iraia Iturregi Sustatxa, Athleticeko emakumezkoen taldeko jokalariak, bere hirurehungarren partidua jokatu eban elastiko zuri-gorria jantzita domekan Huelvan. Hamabi denporalditan, Ligako 265 partidu, Kopako 20 eta UEFA Women´s Cupeko 15 jokatu ditu Iraiak eta 63 gol sartu. Hori gitxi balitz, hiru bider irabazi dau Espainiako superligea. Zenbakien ganetik, eredugarria benetan Iraiaren ibilbidea Athleticen. Zorionak eta urte askotarako!